Irten, puztu, loditu…

Irten, puztu, loditu…

Maria Darrieussecq-ek Herria izeneko eleberrian idatzitako lerro hauen bidez euskararen normalizazioan helburua zein den irudikatu dezakegu:

Kafea hustasunean edaten ari naiz. Inguruko jendeari begira nago. Guztiek ezin normalago dirudite. Inor ez daukat begira, inork ez dit hitz egiten. Ele zaharra bizirik dago. Ez da erabat armatua irteten irakasle militante baten ahotik. Ez du abeslari folkloriko batek artikulatzen. Ez da poesia. Ez da sorterriaren kontserbatorioa, ezta familien erlikiontzia ere. Axolagabeki ahotik ahora dabil. Ahoak ireki eta itxi. Kafe edaleak elkarri hizketan ari dira. Elkarri esateko gauzak dauzkate. Gauza horiek garraiatzen dituen jarioa hara eta hona dabil, ematen du inor ez dela horretaz ohartu…irten, puztu, loditu…hizkuntza erabilgarria da.

Xedea beraz, hizkuntza erabilgarria izatea litzateke. Istorio horretako tabernan bezala, guk ere, inguruko taberna eta aisialdiko beste toki guztietan, euskara ahotik ahora axolagabeki ibiltzea nahiko genuke.

Garbi dugu, beraz, helmuga baina ez hain garbi iristeko bidea. Beharbada, bideak esatea egokiago litzateke. Izan ere, eleberriko lerro horietan aipatzen diren bideak ere beharrezkoak dira: irakasle militantearen bidea, abeslariaren bidea, poesiaren bidea, familiaren bidea…

Blog honetan, gaur egun jorratzen diren bide horietako batzuk aztertzeaz gain, sortu daitezkeen bide berriak irudikatuko ditugu eta hau guztiari buruz hausnarketa egingo dugu.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*