BARREGARRI

BARREGARRI

Patata patata diskaren azala Pirritx eta Porrotx

Barregarri, etorkin batekin topo egin nueneko hura gogoratzen dudan bakoitzean, etortzen zaidan hitza barregarri da.

Beti pentsatu dut nik ere ez dudala itxura euskalduna izango, itxura euskalduna existitzen bada behintzat. Ezezagun askok, lehen hitza erdaraz egiten didate, euskaraz jakingo ez dudalakoan eta nirekin “jator” portatzeko asmoz. Haserrea eta amorrua sortu izan didate egoera horiek eta itxurak ere hizkuntzan eragina duela konturatu naiz.

Baina nola liteke, hau bizi izanda, nik ere berdina egitea?

Aurrekoan taberna batean gertatutakoa dakarkit hona. Haurrari bazkaria emateko asmoz eseri ginen herriko terraza batean. Zerbitzaria gerturatu zenean etorkina zela ikusirik, hortxe eskatu nion behar genuena nire gaztelania, txukun, elegante eta jatorrean. Baita pozik eta harro sentitu ere, izugarrizko mesedea egin niolakoan. Eskatutakoa ekarri zigunean, kontua lurrera erori zitzaion eta jasotzera joan nintzenean, “lasai, lasai” esan zidan zerbitzariak, eta nik berriz “no tranquilo, ya lo recojo yo”. Baina gauza ez zen hor geratu, ordaindu eta zebitzariak “eskerrik asko” eta nik temati “gracias”. Joan zenean nire bikoteari begiratu nion, mutilak euskaraz hitz egin zidan eta nik gaztelaniaz behin eta berriz. Orduan sentitu nintzen barregarri. Teoria oso ondo dakit, TELP tailerra ere egin nuen bere garaian! Baina praktikan oraingo honetan behintzat kale egin nuen!

Arratsalde hartan bertan, autoan gindoazen Pirritx, Porrotx eta Marimototx-en Irrien lagunak diska entzuten eta hainbestetan entzun dudan abestiari arreta berezia jarri nion. Gai honekin lotura duen abesti paregabe bat da eta guztioi entzutea komeni zaigula iruditzen zait, ea nik behintzat oraingo honetan lezioa ikasten dudan!


Ezezagun bat baldin baduzu
mintzakide buruz buru
egin zaiozu euskaraz eta…
beharbada jakingo du!

Atzerritar bat tokatuz gero
hurbildu euskaraz behintzat
zeren bestela ulertuko du
euskara ez dela beretzat!

Euskaraz mantso ari den norbait
aurrez aurre badaukazu
hitz egiozu euskaraz mantso,
opari bat egiozu!

Norbaitek esan badizu “euskaraz
ez dakit hitz egiten nik”
ohartu zaitez, ez dizu esan
entenditzen ez duenik!

Nahiz asko maite, nahiz oso geure
sentitzen dugun euskara
inork agindu gabe erdaraz
sarritan geu hasten gara!

Ez zazu egin hainbeste duda
zeurea euskaraz esan
edukazio gehiegizkoak
euskara galdu ez dezan!

Musika: Pirritx eta Porrotx

Hitzak: Ainhoa Agirrezaldegi

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*