GAZTETZAINDIA II: GU ERE GAZTEAK IZAN GINEN

GAZTETZAINDIA II: GU ERE GAZTEAK IZAN GINEN

Kids forever Museum of Childhood Edinburgh

Ostiralean Bilboko Euskaltzaindiako egoitzan izan ginen “Gazteak, aisialdia eta euskara” izeneko jardunaldian. Programa trinko samarra zen baina interesgarriak suertatu zitzaizkigun bertan aurkeztutakoak eta esandakoak. Azaldutako guztia hemen ezin denez bildu eta Jone Miren Hernandezen hitzaldia oso interesgarria iruditu zitzaigunez hor duzue mintzaldi honen laburpentxo bat:

Jone Miren Hernandez antropologoa da eta izenburu hau jarri zion bere saioari: Baina gu ere gazteak izan ginen! Gazte euskalduna izatearen esanahia atzo eta gaur.

Hasieran “Gaztea” kontzeptuaren inguruan aritu zen. Horretarako Carles Feixa-ri erreferarentzia egin zion. Antropologo katalan honen arabera gaztea, gaztaroa edo gazteria kontzeptuak sozialki sortutako kontzeptuak dira, ez dira beti existitu eta beti espazioan eta denboran kokatu behar dira.

Feixak hiru eredu bereizten ditu:

Tarzan eredua: XIX. mendeko eredua litzateke “gazteak puruak dira eta formatu behar dira”

Peter Pan eredua: XX. mendekoa; kontsumismo eta kapitalismoarekin zabaldu zen; “gazteak forever” eredua litzateke.

Blade Runner eredua: azken urteetan sortzen ari den eredua da. Eredu hibidroa da; lana eta aisia, birtuala-errealitatea…nahasten dira.

Gaztaroa kokatu eta gero, Hernandez aisialdiaz aritu zen. Azken urteetan gazteek aisiari garrantzia ematen diote. Alde batetik, aste barruko aisialdia dago, aisialdi baldintzatua litzateke. Bestetik aste buruko asialdia legoke, aisialdi askea eta, batez ere, gauez garatzen dena. Nolabait gazteek gizarte paraleloa sortzen dute: gauez, lokaletan, gaztetxeetan…

Jone Miren Hernandez ustez aisialdi mota hau geroz eta pribatuagoa da. Gainera, gelaren kultura garatzen ari da, gazteek denbora asko pasatzen dute etxeko logelan sartuta.

Mintzaldia hiru hausnarketekin bukatu zuen:

1. Gazteria azterrakoan gizarte osoa kontutan hartu behar da. Orokortasuna aztertu behar da.

2. Gizartea “adulto-zentrikoa” da. Helduen ikuspegiaren arabera antolatua dago. Gazteei buruz egiten ditugun galderak “gure galderak dira” ez gazteenak. Adibidez “zergatik ez dute euskaraz egiten?”

3. Motibazio-ezagutza-erabilera eskema berritu beharko litzateke: emozioak-gaitasuna-praktika izendapena erabili beharko genuke. Izan ere, gazteak euskaraekin emozionatzeko gai dira nahiz eta gutxi erabili. Gaitasuna ezagutza (dakizu edo ez dakizu) baino zabalagoa da. Eta, azkenik, gazteek zenbat egiten duten baino, zer egiten duten (praktika) galdetu beharko genuke.

7 Comments

  1. Asier 7 years ago

    – Entzuleak ezustean harrapatu zituen testuinguru serio eta formal horretan jarri zuen adibideak. Negu Gorriak omen da Blade Runner ereduaren adibide euskaldun bat. Gazte euskaldun bezala munduaren aurrean kokatu ziren lehenak izan ziren hizlariaren ustez. Rap estiloa eta estetikarekin agertzen ziren (beraz mundu mailako joerei jarraituz), baina “euskalduna naiz eta harro nago” aldarrikatzen zuten (euren berezitasuna nabarmenduz). Jarrera hori hausnarketa baten eta erabaki arrazional baten ondorio zela aipatu zuen Jone Mirenek.

    • aisia 7 years ago

      Hala da Asier. Jarrera horren atzean, gainera, hautu bat zegoen: Muguruza anaiek urte batzuk lehenago euskara ikasi zuten eta gaztelaniaz kantatzeari utzi eta euskaraz sortzea aukeratu zuten.Gainera, eredu hibrido horrekin lotutako hainbat elementu fusionatu ziren Negu Gorriak izeneko proiektuan: hemengoa eta mundukoa, tradizioa(bertsoa) eta berritasuna(rapa), Euskal Herrirako eta kanporako…

      • Asier 7 years ago

        Soziolinguistika Klusterraren webgunean ere saio honen gure laburpena egin eta zabaldu dugu.

          • Aisia 7 years ago

            Asierrek aipatutako Klusterreko dokumentu horretan Jone Miren Hernandezen proposamena zehatzago azaltzen dute:
            o ERABILERA – PRAKTIKAK
            Erabilera hitza hitz egitearekin lotua dagoelakoan, Praktika proposatzen du hizkuntza batean iragarki bat irakurtzea edo euskarazko elkarrizketa batean hiztun batek hiztun-pasibo bezala jokatzen badu, praktika linguistiko bat egiten ari dela jaso nahian.

            o EZAGUTZA – GAITASUNAK
            Ezagutza kontzeptuak funtzionatzen du EZAGUTZEN DU/ EZ DU EZAGUTZEN eskeman. Hiztun bakoitza hizkuntza batean zenbait funtzio ongi betetzeko gai da, beste batzuk erdizka bete ditzake eta bete ez ditzakeen batzuk ere baditu. Horien bilduma lirateke bere gaitasunak (edo konpetentziak edo trebetasunak).

            o MOTIBAZIOA- EMOZIOAK
            Motibazioa mugatzaileegia da eta zentzu batean uler daiteke (Motibazio handia, txikia, honek hark baino motibazio gehiago,…) Hizkuntzarekiko emozioak eskala bakar batean bildu ezin diren senmtimenduen multzoa dira.

    • aisia 7 years ago

      Argia astekarian garai hartan euskarak zuen lekuari buruz galdetu diote Iñigo Muguruzari. Hemen duzue erantzuna:
      Kuriosoa da Natxo de Felipe edo Ferminen gisara, orduan indartsu agertu zen jende asko euskaldun berriak izatea, edo Ruper-en kasuan bezala, euskara galdu eta berreskuratzen ibilitakoa izatea. Kortaturen kasuan argi daukat asko lagundu zigula gazteleraz kantatzen hasteak. Gure lehen diskoaren 100.000 ale saldu ziren, eta jende askok leporatzen bazigun ere, ukaezina da gazteleraz hasi izanak gerorako oinarri bat eman zigula. Gu ere gure gabeziaz kontziente ginen, eta Ferminek bosgarren diskoa euskaraz egingo genuela iragarri arren, aurreratu egin ginen, eta gure laugarren diskoa, Kolpez kolpe, euskaraz da. Euskarak oso sentipen bereziak bizitzeko aukera eman dit. Oso berezia da aita zenarekin hogei urte baino gehiago erdaraz hitz egiten pasa ondoren euskaraz mintzatzen hastea. Gure alabek ere euskaraz ikasten dute, eta esan daiteke gure etxean euskararen gainbeherari buelta ematen asmatu dugula.

      Eta hemen elkarrizketa osoa:
      http://www.argia.com/argia-astekaria/2253/inigo-muguruza/osoa

Pingbacks

  1. […] ardatzak azken urteotan. Txepetxek asmatu eta beste guztiok hari ikasi.Baina … Jone Miren Hernandez ausartu da. Aldaketa eskatu eta alternatiba proposatu: emozioak-gaitasuna-praktika.Beraz […]

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*