HIZKUNTZA PROPIOA DUEN KOADRILA

HIZKUNTZA PROPIOA DUEN KOADRILA

Kuadrillategi programa Oarsoaldean

Pasaia Lezo Lizeo-k argitaratzen duen Txanpa aldizkarian Oarsoaldeko bi herri hauetan egiten den Kuadrillategi programari buruzko artikulua argitaratu dute eta aisia.net-era ekarri dizuegu.

EUSKARAZ ONGI PASATUZ
Gazte batek baino gehiagok uste du euskaraz ezin dela ongi pasatu. Usteak erdi ustel, ordea. Eta halaxe frogatu du Kuadrillategi proiektuak Pasaian nahiz Lezon.

Duela hainbat urte jarri zen martxan eskualdean, baina orain dela hiru urtetik Urtxintxa Eskolak kudeaturiko egitasmoa da Kuadrillategi, Pasaiako nahiz Lezoko udalek finantzatuta. Eta xede bera izan dute beti: gazteen aisialdiari begirako ekintzak eta ekimenak antolatzea, baina den-dena euskaraz. “Gazteen hizkuntza ohituretan eragitea du helburu Kuadrillategik”, adierazi du Odei Sagardiak, Urtxintxa Eskolako Kuadrillategiko arduradunak. “Horretarako, gazteekin ostiralero elkartzen diren hezitzaileak soziolinguistika alorrean trebatuta eta formatuta daude. Gazteei galdeketa bat pasatu ondoren, datu guztiak bildu eta talde bakoitzaren diagnosia egiten dugu, helburu zehatzak jarriz talde bakoitzarentzat”.

Ostiralero, bi orduz
Pasaian, DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleek har dezakete parte Kuadrillategin. Lezon, aldiz, DBHko 2. eta 3. mailetakoek. Eta proiektuak darabilen metodologia sinplea da, baina oso eraginkorra. “Ostiral arratsaldero elkartzen gara bi orduz, eta ordutegi horretan egin daitezkeen gauzak egiten ditugu: jolasak, irteerak, tailerrak… Eta tarteka, asteburuetan ere ekintza puntualak edo asteburupasak egiten ditugu”.

Hala, Odei Sagardiak azpimarratu du Kuadrillategi ez dela Gazte Txoko bat edo antzekorik, haren esanetan, ezberdintasunak daudelako bi ereduen artean. “Kuadrillategin, gazteek proposaturiko ekintzak eta guk proposatutakoak tartekatzen dira. Gazteak ez dira denbora pasatzera etortzen; nahi dutelako etortzen dira, baina bertan proposatzen dena egitera. Gurea ez da lokal bat, ez dugu playstation-ik, ez dago sofarik… Gurean, gazteen nahietatik abiatzen gara, eta haiek gustura egotea da guretzat garrantzitsuena”.

Eta, emaitzak ikusita, garbi dago Kuadrillategiko arduradunek lortzen dutela gazteak gustura egotea eta ondo pasatzea. “Ikasturte honetan, hasieratik, bi talde ditugu Lezon: DBHko 2. mailakoak batetik, 3. mailakoak bestetik”, dio Kuadrillategiko arduradunak. “Pasaian, berriz, hasiera batean, Trintxerpen, Donibanen eta Antxon sortu ziren taldeak. Baina Donibaneko taldea txikiegia zen aurrera atera ahal izateko; eta Antxokoa, ordea, handiegia. Beraz, Donibaneko gazteei Antxora pasatzeko aukera eskaini genien eta Antxon bi talde sortu: DBHko 1. mailakoak batetik, eta 2. mailakoak bestetik”. Hortaz, guztira, bost talde daude martxan.

Parte-hartzaileetako asko eta asko, halaber, gure ikastolako ikasleak dira. “Adibidez, Antxoko bi taldeak kontuan hartuta, ia denak dira Lizeokoak. Talde bakoitzean, Lizeoko ikaslea ez den bat edo bi daude soilik. Lezoko taldeetan, berriz, gehientsuenak Lezo Institutukoak dira, baina lauzpabost Lizeokoak izan ohi dira urtero”.

Parte-hartze handia
Irailaren 24an abiatu eta ekainaren 17ra arte luzatuko da Kuadrillategiren aurtengo ikasturtea. Eta, ohi bezala, Gabonetan eta Aste Santuan ez da saiorik egongo.

Odei Sagardiak nabarmendu duenez, “gazteen asistentzia oso altua da Kuadrillategin, eta baditugu urtero jarraitzen dutenak”. Finean, “asko eskertzen dugu gazteen
parte-hartzea eta inplikazioa”, erantsi du Kuadrillategiko arduradunak. “Egitasmoaren parte garrantzitsuena haiek dira, eta halaxe izaten jarraitu nahi dugu. Oso adin polita da, eta haiekin lortzen den harremana oso berezia da. Benetan merezi du Kuadrillategiko parte izatea, gazteentzat espreski prestaturiko gunea baita!”.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*