EUSKARA JOSTAILUETAN

EUSKARA JOSTAILUETAN

euskaraz hitz egiten duen panpinik gutxi dago

Egun hauetan helduak erotu egiten gara, inguruko haurrei jostailuak erosten. Haur txiki nahiz handi, guztiei behar baino jostailu gehiago ekartzen dizkie Olentzerok. Ni ere, horretan aritu naiz egun hauetan, existitzen ez den jostailuaren bila. Polita, entretenigarria, hezitzailea, erakargarria eta euskalduna.

Bai ondo irakurri duzu, euskalduna. Eta euskalduna diodanean ez dut esan nahi, Euskal Herrian egina, ezta jaioa ere, euskara duena baizik, euskaraz egiten duena. Dendaz denda ibili naiz, jostailu horren bila, baina ez dut aurkitu. Urtero berdin, azkenean haserre bukatzen dut eta umore txarrez bueltatzen naiz etxera. Jostailu interesgarriak ikusi ditut, abestiekin, hitz egiten dutenak… Gazteleraz egiten dute gehienek baina baita ingelesez ere, baina nire inguruko haurrek ez dakite ez gaztelera ezta ingelesa ere, beraz jostailuak erostean oso mugatua aurkitzen naiz.

Dendariak ere kexu dira, jostailuak ekartzen dituzte, politak direlako baina gero oso zaila omen da saltzea. Eta niri duda bat sortzen zait, hain zaila al da hori euskaraz grabatzea? Ez dut euskarazko jostailu berriak sortu behar direnik esaten, sortzea ere ondo iruditzen zaidan arren. Baina dagoeneko merkatuan dauden jostailu horiek gure hizkuntzan grabaturik ateratzeak ez al die merezi jostailu etxe handiei? Inoiz aztertu dute aukera hori?

Beste behin, euskara kalteturik geratzen da, baina ez euskara bakarrik baita haurrak ere. Ez dakit, baina nolabait helarazi behar genieke jostailu etxe handi horiei, gure Olentzero oso eskuzabala dela, agian ez dute ezagutzen, baina milaka jostailu banatzen ditu Euskal Herri osoan!

Guk etxean ez dugu ez gazteleraz, ez ingelesez hitz egin edo abesten duen panpinarik, baina euskaraz egiten dutenak, eskuzabal jasotzeko prest gaude. Horra hor, datorren urterako nire eskaera.

1 Comment

  1. Aisia.net 7 years ago

    Gogoratzen al zarete 2001-eko Durangoko Azokan Kamiltxo (lehen artza euskalduna) izan zuen arrakasta?
    Geroztik oso pixkanaka, honelako panpinak merkaturatzen hasiak dira. 2010-eko Euskarazko produktuen katalogoan bilaketa egin dugu eta zertxobait (gutxi) aurkitu dugu:
    Duni kontu-kontari
    Iratxo kontu-kontari
    Olentzero
    caillou irakaslea

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*