ZABU ZIBU

ZABU ZIBU

Zabu Zibu programa Pasai Antxon jolasak familientzat

Hirurogeiko urteetako mitoa desegin da. Euskara eskoletan eta telebistan sartuz gero salbatuko zela uste genuen. Orain konturatu gara ez dela horrela; transmisioa dela oinarrizkoa; euskara lehenik etxean eta jolasean ikasten dela.

Goiko esaldi hau duela hamar urte Koldo Zuazori irakurri genion Euskararen Sendabelarrak liburuan. Azken hamarkadan han hemenka etxeari edo jolasari begira hainbat ekimen abiatu dira. Eta horien artean familia eta jolasa lotuz Pasaian iaz abiatu zen programa berria ekarri nahi izan dugu gurera: Zabu Zibu. Izan ere, 2009-2010 ikasturtean proba pilotu gisa abiatu zena geroz eta indar handiago hartzen ari da.

Programaren ezaugarriak
Pasaiako Udalak urte asko darama famili esparruan euskara sustatzeko sentsibilizazio lanean eta hainbat egitasmo gauzatzen; familia baita eraginkorrena haurren hizkuntza beharrei erantzuteko, hizkuntzarekiko maitasuna transmititzeko eta praktikan erabiliz, hizkuntzari garrantzia emateko.

Jolasa, gainera, hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko bitarteko atsegina da, erakargarria bai haur eta baita gurasoentzat ere. Euskarak, horrela, eskolaz kanpoko balioa hartzen du, eta hori ezinbestekoa da gizarte erdaldunduetan haur eta gaztetxoek hizkuntza bereganatzeko eta erraz hitz egiteko moduan ikasteko. Zeregin honetan eskola ez dela nahikoa aspaldi frogatua dago.Askotan, ordea, amek eta aitek ez dute ziurtasun nahikorik sentitzen euren haurrekin euskaraz jolasteko, edota, beste kasu askotan, ez dituzte euskarazko jolasak eta kantuak ezagutzen.

Hutsune hau bete nahian sortu zen Zabu-zibu egitasmo berria. Parke eta plazetan elkartzen diren haur eta gurasoak dinamizatzaile batekin batera kantuan eta jolasean aritzen dira. Gurasoek, euren haurrekin euskaraz jolasteko “laguntzaile” bat dute, beraz.

Funtzionamendua
Dinamizatzailea astean behin Pasaiako barruti bakoitzeko parke edo plaza batean aritzen da:
Astelehenetan San Pedron 17:15etan
Astearteetan Antxon. 17:15etan
Asteazkenetan Trintxerpen. 16:30etan
Ostegunetan Donibanen 16:30etan

Plazak eta parkeak honakoak dira:
• ANTXON: Gure Zumardian. Eguraldi txarrarekin, Kultur etxean.
• DONIBANEN: J. J. Otaegi plazan. Eguraldi txarrarekin ikastolako jangelan
• SAN PEDRON: Frontoian. Eguraldi txarrarekin udal aretoan
• TRINTXERPEN: Karmengo Ama ikastetxean.

1 Comment

Pingbacks

  1. Aisia.net – Bloga 7 years ago

    […] BLOGA ← ZABU ZIBU […]

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*