“TELPatu” bai, baina ondo pentsatu noiz!

“TELPatu” bai, baina ondo pentsatu noiz!

telp? telp tailerren inguruko artikulua

Euskaraz txakurrei eta haurrei egiten omen zaie, ba nik lehengo larunbatean ertzain bati egitea erabaki nuen.

Etxerantz abiatu eta hara non, larunbat gaueko kontrol batek harrapatzen gaituen. Aspaldian TELPatu gabe nengoela, eta baldintza egokienetan nengoela iritzita (alkoholik ez, segurua ordainduta, IAT behar bezala, argi eta ispiluak txukun) euskaraz egitea nahi nuela (mesedez hitza tartean zela) adierazi nion lehen hitzak esan zizkidan ertzainari.

Zaunka egiten ez deban txakurrarekin eta berba egiten ez deban gizonarekin, kontuz!” atsotitza bildu zuen Gotzon Garatek. Ba ertzain hark asko hitz egin zuen, gehiegi, eta hala ere kontuz ibiltzekoa zen. Ez ditut aipatuko beraien diskurtsoan ohikoak diren argudioak, eta GEZURRAK.

Euskaraz egiteko eskatu eta berehala genituen lauzpabost ertzain inguruan nire kotxeari IATa egitean baino xehetasun gehiagorekin begiratzen. Minutu bat baino lehen bota zuen lasaitzeko abisua haietako batek, “las ruedas de atrás las tiene desgastadas”.

Euskaraz idatzi ziguten isuna (hala azpimarratuta gainera) eta agurra ere euskaraz egin ziguten, kotxean bagindoazela: “Españan gaude” oihukatu zuen.

EMUNeko telefonoa ba al du inork? 200 euroko isuna TELP ikastaroen matrikula barruan sartuko da noski?

3 Comments

  1. Zure haserrea ondo ulertzen dut, Oier. Nola ez? Injustizia bat jasotzea ez da inorentzat gustukoa eta are gutxiago justiziaren zaindariak izan behar direnen partetik datorrenean.

    Euskaldunok sarri bizi izaten ditugu gure hizkuntza eskubideen urraketak. Horrek nekea, estresa, eta deserosotasuna sortzen digu, euskara bazterrean utzi eta gaztelania gehiagotan erabiltzeko aukera handituz. TELP saioetan esaten den moduan ez dago hauts magikorik egoera guztietan erabili eta ondo irteteko balioko duenik. TELP tailerretan ikuspegi psikologikotik euskararen normalizazioaren alde jarduteko baliabide sorta bat lantzen da, baina beste maila bateko jarduerak (soziologikoak, hizkuntza politikarekin lotutakoak,…) beharrezkoak direla ahaztu gabe.

    Gertaerak duen garrantzia kendu gabe, kontuan hartu behar dugu horrelako egoerak muturreko egoerak direla. Zorionez egunero ez ditugu jasan behar izaten, besteak beste, aldez aurretik jakin badakigulako kostu bikoitza jasotzeko arriskua dugula, pertsonala ia beti eta kasu batzuetan, zurea kasu, ekonomikoa ere bai. Arrisku hau aurreikustea ez da gure aurreiritziek sortutako barne gatazkan oinarritzen, erreal samarra dela esango nuke, hizkuntza gatazketatik haratago, bestelako kanpo faktoreek eragiten dutelako hein batean, botere mandoak eta subordinatu artekoek, polizia profilak….Eta horietan TELPa eta munduko estrategiarik adimentsuenak erabilita ere, irabazi-garaile balantzak ze aldetara joko lukeen argi daukagu tamalez.

    Eskerrak badauden beste hamaika egoera gure egunerokotasunean askoz gehiagotan errepikatzen direnak eta lehentasunak markatuz gure indarrak horietan jartzea garrantzitsua dela ohartu behar dugu. Gertaera negatiboek guregan eragin handia badute ere, gertaera positibo eta negatiboen frekuentzia alderatzen badugu, konturatuko gara gertaera positiboak askoz gehiago direla.

    Kasu honetan, Oier, zaila bada ere egoera ikuspegi positibotik begiratzeko ahalegina egiteko proposatu nahi dizut. Haserreak ematen digun beroaldia pasatu eta gero hausnartu egoera horren inguruan. Saiatu ateratzen alde positiboak. Zeintzuk aipatuko zenituzke? Esperientzia ikasteko erabili: zer ikasi dezakezu esperientzia horretaz hurrengo batean aplikatzeko? Azken aldian izan dituzun egoera positiboak eta negatiboak alderatu ditzakezu. Zeintzuk dira gehienak?

    Bestalde, Iñaki Arrutiri ere antzerako egoera bat suertatu zitzaiola. Interesgarria iruditzen zait bere esperientzia eta hausnarketa ere ezagutzea. hementxe duzu lotura:
    http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1248170527. Horrelako kasuak argitara eman beharko genituzke, zuk egin duzun bezala eta ondoren salatu Euskararen telefonoan eta Elebiden esaterako, zure kexa jasota gera dadin.

    Guk emandako TELP saio horietako batetan antzeko egoera pasa zitzaion lagun bati, honako erantzun hau eman zieten Elebidetik:

    Euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan jasotzen duenez, herritar guztiek dute euskara eta gaztelania erabiltzeko eskubidea herri administrazioekin dituzten ahozko nahiz idatzizko harremanetan, baita arreta hautatutako hizkuntza berean jasotzekoa ere. Horretarako, beharrezko neurriak hartuko dira eskubide hori arian-arian bermatzeko.
    Aipatutako legeak Ertzaintza behartzen du herritarrekiko harremanetan. Zentzu honetan, Ertzaintzan euskararen normalkuntza prozesua arautzen duen otsailaren 24ko 30/1998 Dekretuak hizkuntz betekizun horiei erantzuna emateko neurriak aurreikusten ditu, eta dekretu hau garatuz Ertzaintzan badago euskararen erabilera normalizatzeko barne plan bat.

    Uste dut nahikoa argi gelditu dela eta agian, agiri horren fotokopia batzuk gure autoetan gordeta izan eta kontrol bakoitzean gelditu ostean, bukaeran modu adeitsu eta asertiboan delako ertzain horri eskura emateko moduko testua izan daitekeela. Ondoren, bidezko salaketa jarrita eraginkortasunean eta gure kostu pertsonalean irabaziko genukeela iruiditzen zait.

    Azkenik Rosa Parks gogoratu nahiko nuke. Rosa Parks afroamerikarra zen 1955eko abenduaren 1ean uko egin zion bere eserlekua gizonezko zuri bati utzi eta autobusaren atzealdean esertzeari, orduko AEBtako legeak zioenaren aurka. Ekintza honen ondorioz Rosa preso hartu zuten, baina askotan aipatu izan da hau izan zela Eskubide Zibilen Aldeko Mugimendua piztu zuena. Mugimendu honen lanaren ondorioz arraza-segregazioa bertan behera uztea lortu zen. Informazio gehiago: http://eu.wikipedia.org/wiki/Rosa_Parks.

    Espero dut esandakoak baliagarri izatea.

    • aisia 7 years ago

      Eskerrik asko, Juanjo horrelako erantzun eta azalpen zehatzagatik. Gure aldetik blogean (eta kalean) telpatzen jarraituko dugu.

      • Zuei ere eskerrik asko kontzeptu berri hori asmatzeagatik eta telperoen edo patetikoen (Atxagari kasu eginez) ahotsa zabaltzen jarraitzeagatik.

        EMUNen aztertzen ari gara urtero diru partida bat gordetzea euskara erabiltzeagatik jasotako isunak ordaintzeko. Asertibitate ziurtagiria aurkeztu beharko da, noski!

        Ondo segi,

        Olatz.

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*