www.musika.eus

www.musika.eus

Euskal Musika interneten

Euskal Herrira rock eta pop doinuak heldu zirenetik, euskarazko musikaren inguruan sortu da eszenatxoa. Zabalpen komertzialaren korronte nagusietatik kanpo, hamarnaka gazte ameslarik euren lana eta inplikazioaren bidez eraiki dute euskarazko musikak bizirauteko balio izan duen ekosistematxoa. Musika entzun, zabaldu eta jarraitzeko faltan botatzen ziren tresnak sortzen joan dira, txanponen gabezia imaginazioz beteta. Adibide bat aipatzearren, Discos Suicidasena aipa liteke: 1981ean, Zarama taldeari disketxeek bizkarra ematen ziotela ikusita, lagun talde batek bere disketxea sortu zuen, rockero santurtziar euskaldunen lehenengo lana kaleratzeko. Beren etorkizun komertziala, disketxearen izenak adierazten duen moduan irudikatzen zuten. Garai hartan hasi ziren ugaltzen fanzineak, irrati libreak, jaialdiak, lehiaketak,…

Internetek musika entzun eta zabaltzeko modua hankaz gora jarri zuenetik, sortzaile, ekoizle, hedatzaile eta kristo guztiak bere burua mapa berrian kokatu behar izan du. Gurean ere, halako zerbait pasa da. Eta gaur da eguna sarean musika euskaraz bizitzeko aukera dexente dauzkaguna. Irratigintzak interneten leherketarekin izan duen eraldaketaz, beste batean hitz egingo dugu (ziur!), baina gaur bestelako webguneak aipatu nahi nituzke. Aukeraketa subjektiboa da hau, inorekin gaizki geratzeko beldurrik gabe, gustatzen zaizkidanak doaz, ezagutzen ez dituenarentzat.

Azkenetik hasiko gara, badaezpada. 2010ean zehar sortu da, zuzeneko musika emanaldien berri ematen duen webgunea: musikazuzenean.com. Kontzertuen berri emateaz gain, hainbat atal osagarri ditu. Oso orri txukuna eta erakargarria iruditzen zait: sortu eta bereahala irabazi zuen leku bat nire laster-marketan.

Gaurkotasuna jarraitzeko, entzun.com azpimarratuko nuke. Entzun aldizkariaren proiektuak indarrak webgunean jarriz berrasmatu zuen bere burua. Gaur egun, albisteak jarraitzeko, kontzertu agendaren berri izateko eta kronikak irakurtzeko, diskoen kritikez eta elkarrizketez gozatzeko ezinbesteko gunea da. Durangoko azokarako paperezko urtekaria eta urteko uztarik onena biltzen duen diska ere kaleratzen dituzte.

Gaztezulo aldizkariaren webgunean musikari eskainitako atala ere ez da makala. Elkarrizketak, erreportaiak, kritikak eta albisteak gustora irakurtzen dira, detaileak zainduz eta gustu onez eginak daude eta.

Aurrekoak gaurkotasunari lotutakloak zire, Badok.info, ordea atenporalagoa da. 1960 ingurutik XXI. mendearen hasierara euskarazko musikak emandakoa jasotzen duen entziklopedia dela esan daiteke. Milaka artista, diska eta kantari buruzko informazioa aurki liteke oso ongi antolatuta. Ezagutzen ez duzun talde euskaldun baten izena entzutean, hartu Badok, sartu bilatzailean eta hor azalduko zaizkizu bere biografia, diskografia, kantu solteren bat,…

Entziklopedia baten antza duen beste orri bat musikazblai da. Kanta baten hitzen bila internetera jotzean, handik edo hemendik, askotan musikazblain amaitzen duzu, honezkero jakingo duzun bezala.

Eta ezin bukatu, altxor bat aipatu gabe. Sosik ordaindu gabe musika deskargatu eta pirata izatearen karga etikoa eramangarri zaigunontzat, altxor bat da Ekaitzaldi. Euskal taldeen ehundaka diska oso-osorik jaisteko aukera ematen du. Nahi duenak hor dauka eta nahi ez duenak ez dezala erabili.

Webguneak askoz gehiago daude, baina aipatzen jarraitzeko lekurik ez, ordea. Bukatzeko, ez dago soberan gogoraraztea proiektu hauek eta beste asko ez liratekeela posible musikazaleen babesik gabe. Euskarazko musika eta bere mundutxoa gustatzen bazaizu, bultza ezazu zuk ere, horrelakoek ez dezaten jarraitu suizidak izaten!

2 Comments

  1. txerra 6 years ago

    Azpidazkira aldatu dugu zuen artikulua. http://www.ehu.es/azpidazki/default.asp?itemID=182

    Ondo segi.

  2. aisia 6 years ago

    Eskerrik asko, Txerra. Asier Basurto blogaren kolaboratzaile berria dugu eta ederki hasi da!

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*