PARKEAN EUSKARAZ JOLASTEKO AUKERA OPARITU (IV)

PARKEAN EUSKARAZ JOLASTEKO AUKERA OPARITU (IV)

Kanpezuko Ibernalo aterpean jolasean

Blog honetan Gasteizen guraso talde batek parkeetan euskaraz jolasteko aurrera daraman ekimenaren berri eman izan da. Joan den larunbatean guraso eta haur gasteiztar hauek ezagutzeko aukera izan nuen eta oso esperientzia polita izan zen.

Josebe Blancok amahizkuntzagasteiz blogean adierazi zuen bezala “hilabete hauetan gure gabezietako bat agerian gelditu da. Txikitako sokasaltoan, korroan-eta aritzeko kantak; jolasak eta abar ahaztuta ditugula eta gure seme-alabei ezin diegula eredurik eman. Ondorioz, askotan haiek erdaraz diren kantak erabiltzen dituzte euskarazkorik ezagutzen ez dutelako.”

Beraz, gurekin harremanetan jarri ziren euskarazko jolas ikastarotxo bat antolatzeko. Kanpezuko Ibernalo landetxean elkartu ginen korroan, dantzan, sokasaltoan eta goman aritzeko. Poxpolinak dantzan jarri genituen, lehoi baten bila joan ginen, ping pong pilotak bihurtu ginen, guraizeak ireki eta itxi genituen eta sugearen gainetik salto egin genuen. Punpalaplan ere egin genuen eta lurrera erorita mina hartu arren “ai ene” abesti majikoaren bidez segituan sendatu ginen. Jolas horiek eta beste batzuk eginez oso giro polita sortu zen eta ondorengo bazkarian ere giro jator hori nabaritu zen.

Guraso talde honek oso ekimen polita sortu dute Iñaki Martinez de Lunak aipatu zuen egoerari buelta emateko ““Egoera paradoxikoa da, guztiz: garai bateko euskararen mugimenduko aitzindaria zen familia, hizkuntza politiken objektu pasibo bihurtu zaigu gaur egun.” Aita eta ama gasteiztar hauek karrera aktibo hartu dute nabaritzen duten hizkuntza behar bati aurre egiteko. Ez dute goitik diseinatutako programa batean parte hartzen, beraiek sortu dute ekimena eta eredu dira beste hainbat familientzat.

Eta horrelakoetan sortzen zaidan zalantza (kezka) hauxe da: ez al litzateke hobea eraginkorrak ez diren edo oso eragin txikia duten programetan eta kanpainetan dirua gastatu ordez, sortzen diren horrelako ekimenak laguntzen gastatuko bagenu?

1 Comment

  1. Jaime Altuna 7 years ago

    Amahizkuntza blogean egun horren balorazioa idatzi dute: http://amahizkuntza.blogariak.net/2011/02/16/ibernalon-gurasoak-eta-seme-alabak-dantzan/

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*