EUSKARA MOZORROTURIK

EUSKARA MOZORROTURIK

Tolosako inauteriak eutsi euskarari

Iñauteriak gerturatzen doazen heinean, Tolosarron artean, urduritasuna nagusitzen joaten da. Maitemintzen zarenean bezala da, tximeletak sentitzen dituzu sabelean. Azken ordura arte prestaketekin aritzen gara, horrek ere bere xarma baitu eta iganderako, aurreko egunetako nekearekin baina indartsu eta gogotsu egoten gara.

Aurten ere, urtero bezala, ostegun gizenarekin hasiera emango diogu urteko aste alaienari. Eguneroko gure mozorroa kendu eta askatasunez, umore onez, aurre egingo diegu Iñauteriei. Ostegunean txistorra barra barra Tolosako txoko guztietan, txarangak ere nonahi eta ondo pasatzeko gogoz jende guztia. Ostirala, larunbata, egun hauetan ere, danborradak, txarangak eta parranda erruz.

“Jeiki jeiki ohi hortatik, gaur tolosarrak iñauteriak beti, alaitzen gaitu guztiz” doinuekin esnatzen da Tolosa, igande goizean. Goizeko 8etan, pijama soinean dugula, txarangaren atzetik saltoka, Tolosako kaleetan abestuz, mozorrotzeko egunak iritsi direla ohartarazten dugu. Honela, igandetik asteartera, mozorro desberdinekin jantzita, bizitzen ditugu, guretzat hain bereziak diren egunak. Hasiera euskaraz ematen diogun arren, ez dira urteko egun euskaldudenak izaten Tolosan. Gaztelera asko entzuten da, zahar nahiz gazteen artean. Tolosar bezala lotsa ematen dit, baina onartu beharra daukat jendeak egun horietan ez diola garrantziarik ematen hizkuntzari, hau da euskarari. Izan ere, badira antzezpen txikiak, dantzak… egiten dituzten talde nahiz kuadrilak egun horietan eta gehienek, abestiak, gidoiak… gazteleraz izaten dituzte. Tolosako udalak ere ez du ezer egiten horren aurrean, euskaraz egiten duten taldeak bultzatu beharrean guztiak berdin tratatzen ditu eta ondorioz ez du euskararen erabilera bultzatzen egun hauetan.

Astelehenean bertan, aisialdi taldeak ateratzen dira haurrekin dantzatzen, guztira sei taldek hartzen dute parte eta hauetatik bakar batek bakarrik jartzen du musika euskara hutsean. Talde honek ere urteak daramatza “Eutsi euskarari” jartzen duten pegatinak banatzen jendearen artean. Daramaten mozorroaren arabera irudia aldatzen duten arren, lelo berdina mantendu dute urteetan zehar, guztioi iñauterietan ere euskararen alde borrokan jarraitu behar dugula gogoraraziz.

Oraindik ez dut ulertzen, urtean zehar euskaraz egin eta iñauterietan mozorroturik gazteleraz egiten duen jendea. Ez dakit urtean zehar mozorro baten atzean egoten diren, eta iñauterietan sentitzen dutena egiten duten edo alderantziz den. Noizbait zergaitia ulertzeko gai izango naizen ere ez dakit, horretara iritsi gabe, iñauteri euskaldunago batzuen zain geratuko naiz, beti ere datozen bezala hauetaz gozatuz.

2 Comments

  1. aisia 6 years ago

    Euskararen semaforoa blogean ere Maite Asensioren artikulua argitaratu dute: http://euskararensemaforoa.blogspot.com/2011/03/euskara-mozorroturik-maite-asensio.html

  2. Iñaki 6 years ago

    Nire burua euskalduntzat dut,ikastolako ikasle ohia naiz eta zure artikuluko zenbait puntuekin ados banago ere, ez nator bat asteleheneko aisialdi taldeen musikari buruz esaten duzunarekin. Agian egia da talde bakar batek erabiltzen duela euskal musika soilik (Kazkabarra, noski), baina badirudi hau irakurriaz euskararen kontrako zerbait egiten dela beste musika bat jartzen bada. Ba pertsonalki, zenbait taldek egiten duten musika fusioa banda sonoroekin eta pop internazionalarekin, askoz atseginagoa egiten zait emankizun berezi batzuetarako, hemengoa baino (eta hemengoa oso gustoko dut). Ez ditzagun gauzak bere onetik atera, iada nahiko arazoak badaude eta.
    Bestalde, zenbat gazte ikusi zenituen ostegun gizenean “Gora Euskadi” buruan eta gaztelera ahoan? Zenbat gazte ikusten ditugu ihauterietatik kanpo “aberriarekin konprometituak” baina hori bai, euskaraz hitzik ez… Ni behintzat, nazka nazka eginda nago horrenbeste hipokresiarekin. Niri bost axola bakoitzak politikoki nola pentsatzen duen, gure ama hizkuntza altxor bat bezala eta egunero erabiltzen duen einean.

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*