Errimen malabaristak

Errimen malabaristak

Bertsolaritza eta Rapa

Askotan hitz egin izan da bertsolaritza eta hip hoparen arteko parekotasunez. Negu Gorriak taldeak Bertso-Hop kantan esperimentatu zuen harreman horrekin, adibidez. Azken aldian, Silveiraren MC Txirritan ikusi dugu berriz bikotea elkarrekin.

Lotura batzuk, begibistakoak dira. Hasteko, biak ala biak diziplina herrikoiak dira. Jende arruntaren espresio-bideak dira. Ez dira eliteko eskoletan irakasten eta ez daude inongo erakunde edo antzekoen homologazioen menpe.

Biak dira kronika eta kritika sozialerako tresnak. Norberaren bizimoduaz eta inguruko arazoez kantatzeko balio dute. Ideiak plazaratu eta elkarbanatzeko. Egunkarietan agertzen denaz eta ez denaz iritzia emateko.

Bien osagai nagusia hizkuntza da. Musikaren laguntzaz edo gabe, hitzak dira protagonistak. Hitzen jolasak.

Hala ere, batzen dituenak aipatuta, bereizten dituenaz ere hitz egin beharko. Hip hopa XX. mendearen bigarren zatiko asmakizuna da eta Estatu Batuetako hirigune txiroenetatik zabaldu da mundura. Komunitate afroamerikarrak ghetto edo auzo masifikatu marjinaletako bizi-baldintzak eta bere zalpalkuntza salatzeko erabili izan du musika hau. Horregatik, munduan zehar ere hiri-giroan hedatu da gehien bat.

Bertsolaritza, herri eta baserri giroan garatu da nagusiki gaur arte. Belaunaldiz belaunaldi ahoz aho transmititu izan da. Horregatik, euskal kultura tradizionaleko elementua dela esan daiteke; XX. mende hasieran euskal kulturaren balioa aldarrikatzearekin batera hasi zen bertsolaritzaren irudia garbitu eta bere balioa aitortzeko ahalegina. XXI. mendearen hasierarekin, berriz, ikusi gabeko arrakasta garaia bizitzen ari da.

Muguruza eta konpainia izan ziren euskaraz ameriketako beltzak bezala kantatzen lehenengoak. Ondoren, 2000ko hamarkada hasierarekin Selektah mitikoak ezagutu genituen. Orain, banaka-banaka gero eta kalekume gehiago agertzen zaizkigu euskaraz errimatzen: konplexurik gabe, harrotasunez.

Ni behintzat, poz-pozik nago. Leku desberdinetatik datozen bi bide hauek elkar topatzetik gertu ikusten ditut, gero eta gehiago. Bertsolaritza gero eta urbanoagoa da eta tradizioa eraldatzeko konplexuak indarra galduz doaz. Hip hopa gero eta euskaldunagoa da eta Euskal Herrian ez da bilakatu, beste leku batzuetan bezala, diruaren eta hedonismoaren apologiarako musika.

Izan ere, gurean ez zaizkigu falta salaketa-kantak inspiratzeko historiak, Rodney King(1)(2) edo Latasha Harlins(1)(2)enak bezalakoak. Eskerrak bertsoak eta rapa dauzkagun bizia ematen dien herriari kantatzen; ixilaraziei ahotsa emateko eta zapaltzaileak seinalatzeko.

Info +: Erreportaia eta bideoa Argian: Euskarazko Rapa: Euskal Errima Erradikalaren ordua da.
Bideoa Sautrelan: Fermin Muguruza rapari buruz
http://www.negugorriak.net/euskara/berriak/enoticias117.htm

2 Comments

  1. IZARO 6 years ago

    Euskal Herrian bertsolaritzak eta hip hopak duten parekotasunak badu bere ahaidea Galizian. Iaz, Vigoko Udaleko hizkuntza normalizazioko arduraduna ezagutzeko aukera izan genuen eta berak, Vigoko esperientzia baten berri eman zigun: Duplo R. Egitasmoa honetan Regeifa eta Rapa uztartzen diztuzte. Regeifa, herri txiki eta landa ingurunetakoa soilik denaren aurriritziarekin hautsi eta elementu urbano bilakatu nahian eta rapa galegoz ere egin daitekeela ikusaraziz, Vigoko gazteak, lotsak alde batera utzi eta kalera irten dira berain ahotsa galegoz entzuna izateko intentzioarekin.

    • Jaime Altuna 6 years ago

      Bideo hau aurkitu dut Izarok azaltzen duena ilustratzeko: improvisacion de duke sam en el duplo R (regeifas)

      Ez da oso kalitate onekoa baina ondo erakusten du rapa eta regeifa arteko uztarketa; hasieran rapa egiten dute bukaeran regeifa.
      Bestalde, Fermin Muguruzaren hitzak gogoratzea komeniko litzateke: Hemengo hip-hopa euskaraz garatzen ez den bitartean, gazteek gaztelaniaz hitz egiten jarraituko dute, nahiz eta euskaldunak izan. Gazteek rapa entzuten dute batez ere, baina gaztelaniazkoa, hori da haien erreferentzia. Horri buelta eman behar zaio, bestela jai daukagu.

      Orain dela 18 urte, euskarazko hip hopak sekulako booma izango zuela esan nuen. Bertsolariak, Sarasua, Maia, Lujanbio, Pe├▒agarikano eta konpainia, rapeatzen ikusi genituen Negu Gorriak taldearen ondoan. Gero Selekta Kolektiboa sortu zen, baina banandu egin ziren, eta orain MAK besterik ez da gelditzen euskaraz.

      Denbora pasa da eta oker nintzela esan behar, edo erdizka asmatu nuela, leherketa hori berehalakoa izango zela uste nuelako. Baina heldu beharko du beranduago bada ere. Areago, bultzatu egin behar da. Zenbait musikari, gaztetxe, programatzaile eta eragilek hori indartzeko ahalegina egin behar dugula esango nuke nik. Hemen estrategiko hitza erabiltzen denean, ni futitzen naiz. Orain edozeri estrategiko hitza aurretik ipini eta aurrera, denok men egin behar dugu.

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*