ZAILA ALA ERRAZA? (I)

ZAILA ALA ERRAZA? (I)

OREKAN "Herri eta hizkuntzen ekologiaz" JC Etxegoien Xamar

Pasa den ostiralean, Sustatun, honako izenburua duen artikulua argitaratu zen: “Eta euskara uste baino hizkuntza errazagoa balitz?”. Tarteka entzuten den gaia izanda eta ematen ditudan ikastaroetan askotan ateratzen den kontua denez, honi buruz hainbat hausnarketa, iritzi eta datuak ordenatzea pentsatu dut. Hori bai, nire iritzia argi eta garbi hasieratik utzita “ez dago hizkuntza zailik, ezta errezik ere”.


1. Moreno Cabrera “ez da munduan teknikoki hizkuntza bakar bat ere ikasteko besteak baino zailago denik”

Hala dio Juan Carlos Moreno Cabrera linguista madrildarrak. Hauek dira Moreno Cabreraren arabera euskararen inguruko aurreiritzi nagusienak:

– Euskara hizkuntza zaharra, arkaikoa edo primitiboa da.

– Euskara hizkuntza zaila da erabat edo hein batean

– Euskara batua hizkuntza artifizial eta asmatua da

– Euskara elkarren artean ulertezinak diren hamaika dialekto ezberdinetan zatitua dago.

Euskararen ustezko zailtasunaren inguruan hauxe idatzi izan du:“Munduko hizkuntza guztiak konplexutasunaren ikuspuntutik gutxi gora-behera berdinak direla frogatu du gaurko hizkuntzalaritzak”. Eta hiru puntu azpimarratzen ditu:

Ezin dugu esan hizkuntzak zailak edo errazak direnik modu absolutuan.

Zailtasuna ez da ezaugarri linguistiko bat. Hizkuntza zailtasuna edo erraztasuna hiztunen hizkuntzei buruzko iritziekin lotuta daude.

Hizkuntza zailtasuna definitzeko, kontuan hartu behar ditugu hiztunen hizkuntza gaitasuna eta hiztunen beste hizkuntzei buruzko iritziak.

2. Xamar: “bi hizkuntzen arteko distantzia batetik edo bestetik begiratuta berdina da”

Modu didaktikoago erabiliz, Juan Carlos Etxegoien “Xamar”-ek Oreka liburuan honako hau azaltzen digu euskararen ustezko zailtasuna gezurtatzeko: Askotan aipatzen da hizkuntza batzuk zailak direla ikasteko. Beste gauza bat da norberak dakizkien hizkuntzak jakinda beste batzuk ikasteko dauzkan erraztasunak eta zailtasunak. Helduek bigarren hizkuntza bat ikasterakoan dakitenarekin egiten dute konparaketa, oharkabean bada ere. Espainolez dakienak italiera “erraza” aurkitzen du adibidez, bi mintzoek hizkuntza familia berekoak izanik, antz handia dutelako. Daniera, berriz, “zaila” egiten zaio, aski ezberdina baita. Aldiz, suediar batek daniera “erraza” deritzo eta italiera “zaila”. Daniera eta suediera familia berekoak direlako. Beraz, “zailtasunak” hizkuntzen artean dagoen kidetasunean datza. Baina bi hizkuntzen arteko distantzia hori batetik edo bestetik begiratuta berbera da.

Xamarrek goiko irudia erabililtzen du hau dena ilustratzeko:

Adibidez, euskara zaila omen da. Espainol edo frantsesetik euskarara dagoen distantzia “handia” denez , euskara zaila da. Baina jauzi hori euskaratik erdarara horietara dagoen berbera da, ez handiago, ez eta txikiagoa ere. Beraz, erdaldun batek euskara ikasteko gainditu behar duen tartea, euskaldun batek erdara ikasteko izan duen berbera da. Hala izanik, euskara ikastea espainola ikastea bezain zaila (edo erraza) da.

(bihar jarraituko du…)

2 Comments

Pingbacks

  1. […] BLOGA ← ZAILA ALA ERRAZA? (I) […]

  2. […] ala erraza? Aisia blogean Jaime Altunak plazaratu ditu hiru artikulu (bat, bi eta hiru) eta nik bakarrera batu ditut eta neure blogera ekarri: kopiatu eta ebatsi.Pasa den […]

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*