ZAILA ALA ERRAZA? (III)

ZAILA ALA ERRAZA? (III)

Hizkuntza zailak ala errazak

Aste honetako gaiarekin bukatzeko, Sustatu-ko artikuluan egin den azterketa aurkezteaz gain, sortu zaidan zalantza bat luzatu nahi dizuet.

5. Sustatun egindako azterketa

Artikulu honen hasieran, atzo aipatu nuen moduan, Sustatun egindako azterketa baten bidez, euskaraz erabiltzen ditugun aditzak ez direla zailak erakutsi nahi izan dute. Euskararen zailtasuna aditz laguntzailearen paradigmarengatik justifikatu baitute askok. Ariketa txiki batekin, ordea, ondorio honetara iritsi dira: “Euskaraz, aditz zailak baino gehiago, gutxi erabiltzen diren aditz multzo handia dago”. Hemen ikusi dezakezue azterketa guztia: “Eta euskara uste baino hizkuntza errazagoa balitz?

Bukatzeko zalantza bat

Aurreko guztia esan eta gero, George Lakoff-en “No pienses en un elefante” liburuarekin gogoratu naiz. Liburu horretan ideia nagusi hau luzatzen digu: markoak sortu behar dira, etsaiaren joko-eremuan ibili behar ez izateko. Besteen hizkera erabiltzen baduzu bestearen markoa erabiltzen ari izara eta ahori zure kontra dator. Hauxe da, beraz, nire zalantza: komeni al da topiko hauei buruz hitz egitea?. Aurreiritzi hauek gezurtatzen saiatzen garenean, ez al gara ideia bera finkatzen laguntzen ari? Zuek zer uste duzue?

7 Comments

  1. txerra 6 years ago

    Zure hiru artikuluak kopiatu eta nire blogera eraman ditut (http://www.blogak.com/garaigoikoa/zaila-ala-erraza) baina zalantza izan dut lizentziarekin. Zuen blogean ez da agertzen lizentziarik, beraz, copyroght-a daukat; nire blogak, berriz, lizentzia librea du (http://creativecommons.org/licenses/by-nc/2.5/) baina tira ….

  2. Jaime Altuna 6 years ago

    Ikusi dut Txerra eta eskertzen dizut. Egia esan, aisia.net-en lizentziaren inguruan ez dugu ezer egin (heldu beharko diogu gai horri). Nire aldetik ez dago inolako arazorik zabaltzeko. Horretaz gain, zein da zure iritzia egiten dudan galderari buruz?

  3. txerra 6 years ago

    Galdera latza bota duzu, Jaime. Egia esateko, entzuten dudanean euskara zaila dela hauxe pentsatzen dut beti: euskara zaila bada, zer da zaila? Aditza zaila al da? EGA ateratzea zaila al da? Euskaraz berba egitea zaila al da? (Benitok nire blogean sartutakoen harira) …

    Baina beste kezka bat daukat aspalditik honi lotua. Euskaldunok nire ustez sarri askotan exijentzia maila altuegia ez dugun jartzen. Hau da, euskaraz nola edo hala moldatzen direnekin sarritan erdarara jotzen dugu euskaldunok, erdaraz hobeto ulertuko dugulakoan elkar. Eta horrek nire ustez euskaraz txarto moldatzen direnei mesede baino kalte egiten die. Kalte ez dutelako egiten, eta kalte uste bat zabaltzen duelako: euskaraz edo ondo moldatzen zara edo hobe ahoa ez irekitzea.

    • Jaime Altuna 6 years ago

      Exijentziaren kontuarekin arrazoi duzu, Txerra. Garaigoikoan, Benitoren erantzuna irakurrita hauxe aipatu dut: Nire artikuluarekin, eta gazteekin gaia lantzen dugunean,ondorio honetara iritsi nahi dut: ez dago termino absolutuetan hizkuntza zaila edo errazei buruz hitzegiterik. Aipatzen dituzun aldagaiak (inguruan sentitzen ez den hizkuntza, lotura afektiboa, norberaren komunikazio-beharrak…) pertsonalak dira, norberaren baitakoak. Hau da, zailtasuna edo erraztasuna norberaren ezaugarrietan datza, ez hizkuntzaren ezaugarrietan. Horrelakoetan noizbait entzun izan dudan adibidea datorkit burura, distantziarena: Toki bat urruti ote dagoen galdetzen badugu, urruti nondik zehaztu beharko genuke. Tutera Donostiatik urruti dago baina Corellatik oso gertu. Hizkuntzekin antzera egin beharko genukeela iruditzen zait: hizkuntza zaila? norentzat?
      Izan ere, nire 8 urteko alabarentzat euskarazko aditzek ez dute inolako zailtasunik, nahiz eta (oraingoz) “oparitu zenidan” esan ordez “oparitu zidazun” esaten duen. Gastelaniazko aditzekin aldiz (oraingoz) nahiko lan dauka!

  4. aisia 6 years ago

    Txerrak idatzi duen moduan Finlandian ere aipatu dute …. ze gatxa da gaztelania

  5. Pablo Suberbiola 6 years ago

    Artikulu ederrak Jaime!, eta erreferentziak eskertzekoak. Dena den, egiten dituzun galderen haritik, nik uste kontu bat falta dela hemen: nola daude hizkuntza horiek (gaur egun eta gizarte honetan)? Eta beraz, nolako aukerak ditu pertsona batek hizkuntza bata eta bestea ikasteko? (errealki, egunero bizi den lekuan).
    Nik uste ona dela “euskara zaila da” aurreiritzia desmontatzea; azaltzea (linguisten laguntzaz), “zaila izatea” ez dela “euskararen berezko” ezaugarri bat. Baizik eta edozein hizkuntzarena, segun eta zein egoeretan dagoen sozialki.
    Nik uste, alderdi hori minimoki kokatu gabe, beste muturrera pasatzen bagara, eta esaten badugu: “euskara ez da gaztelania baino hizkuntza zailagoa: batetik bestera eta bestetik batera distantzia bera dago” bakarrik, hainbat jendek ezin duela ideia hori lotu bere bizipenarekin. Eta ondorioz nekez egingo diola kasu handirik. Jende asko topatuko dugu horren aurrean esango duena: “ba, berdinak izango dira zailtasunez, baina niri bat ikastea bestea ikastea baina aaaaaaaaaskoz gehiago kosta zait”.
    Eta nik uste hori ere azaldu behar dela gai honetan: gauza bat da linguistikoki, hizkuntza aztergai hartuta, bi hizkuntzek zailtasun maila beretsua izatea (konplexutasuna, lexikoa…), eta bestea da nolako aukerak dituen kaleko hiztun arrunt batek bi hizkuntza horietan”ondo” eta gustora moldatzera iristeko (nolabait laburtzeko, hizkuntza horietako bat egunero eta leku guztietan “emana zaionean”, ugari eta aldeko mila konnotaziorekin, eta bestea berriz, berak joan behar duenean “nola edo hala bilatzera”, nahi eta ahal badu). Bistan da, linguistikoki zailtasun bera izan arren, gaur egun Euskal Herriko leku gehien gehienetan aaaaaskoz zailagoa dela euskaraz gaitasun on bat lortzea gaztelaniaz edo frantsesez baino.
    Hizkuntza bakoitzaren egoera soziala eta horrek dakarren guztia kontuan hartu gabe, nik uste nekez eman dakiokeela “euskara zaila da” aurreiritziari buelta, jende askok kontrako bizipena (izan) duelako bere esperientzian.

  6. Jaime Altuna 6 years ago

    Eskerrik asko, Pablo. Zure azalpena oso interesgarri eta argia da. Aurretik esandako guztiari “egoera soziala”-ren elementua gehitzea beharrezkoa da, bai, baita pertsonen bizipenen kontua ere.

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*