EUSKARA ALA ERDARA, ZEIN ZAHARRAGO?

EUSKARA ALA ERDARA, ZEIN ZAHARRAGO?

Xabier Kintana euskara ala erdara zein zaharrago?

Eukara zaila ote den aztertzen aritu garen egunetan, Xabier Kintanak euskarari buruz oso zabaldua dagoen beste uste baten inguruan hausnartu du: euskara zaharra da.

Kintanak honela kokatzen du gaia: “(…)jendeari, euskara ala erdara, ea bietako zein den hizkuntza zaharragoa galdetzen zaionean, gehienek, inolako zalantzarik gabe, zaharrena euskara dela erantzuten dute. Ez dira konturatzen, ordea, galderak berak barruan ezkutatzen duen maltzurkeriaz.

Ondoren, hizkuntzak aldatzen eta eguneratzen direla azaltzen digu: “(…)munduan egiten diren hizkuntzak oro eten gabe aldatzen etaeboluzionatzen ari dira, (…) gainerako bizidun guztietan bezala, bizitzeak haztea eta aldatzea esan nahi duelako. (…) Ez dago, ezin egon daiteke, aldaketarik gabeko hizkuntza bizirik ere, beti berdin dirauena hila edo fosila delako. Gurean ere gauza bera jazotzen da, gure mintzairak gaur duen formari eta antzina izan zuenari normalean izen berbera ematen diogun arren: euskara.”

Azkenik, Xabier Kintanak euskara ala erdara zein den zaharrago azaltzen digu: ” Orduan, zer? Euskara ez ote da inguruko erdarak baino zaharragoa? Ba, era absolutuan hitz eginez: ez, une honetan munduan mintzatzen diren hizkuntza guztiak, aurreko fase batetik helduak diren neurrian, adin berekoak direlako, eta den-denak antzina hizketan hasi ziren lehen gizakien denboraraino heltzen dira. Baina bada, ordea, beste ikuspuntu bat: zahartasun erlatiboa. Hau da, hizkuntzak toki berean kokaturik edo txertaturik daraman denbora. Alde horretatik, era absolutuan euskara, kitxua eta gaztelania adin bereko mintzairak diren arren, begien bistan da Amerikan kitxua zaharragoa dela espainiera baino, espainol kolonoak hara heldu zirenerako, jada Andeetako biztanleek mende asko zeramatelako han bertako hizkuntzaz berbetan. Horixe bera ulertu behar da gureagatik ere: Euskal Herrian euskara espainiera edo frantsesa baino askoz lehenagokoa da. Izan ere, erdara bi horien jatorria, azken buruan Italian da, latinean, eta erromatarrek duela bi mila urte inguru ekarri zuten hona. Baina garai hartako euskaldunek jada oraingo euskararen forma zaharrean (aitzineuskaraz) hitz egiten zuten. Horrek esan nahi du, berton erroturik zaharrena izan arren, euskara, adin absolutuan, gaztelania, frantsesa, ingelesa eta munduko beste edozein hizkuntza bezain urtetsua dela, eta, beraz, beste mintzaira horiek guztiak legez, lehenagoko, oraingo eta geroko giza ekintzak oro adierazteko gai, inolako mugarik gabea.”

Laburpena honetaz gain Xabier Kintanak gaiaren inguruan idatzitako bi artikuluak irakurtzea gomendatzen dizuegu. Hemen topatuko dituzue:

Ustea ez da jakitea

Euskara ala erdara, zein zaharrago?

3 Comments

  1. txerra 7 years ago

    Antzeko zerbait dio Juan Inazio Hartsuagak:

    Kito hizkuntza zaharrenaren kontuarekin. Ekaingo ehiztariek proto-euskaraz zihardutenean gainerako gizakiak ez ziren mutu. Garai hartako gizaki guztiek hitz egiten zuten. Eta gaur hitz egiten diren hizkuntza guztiak garai hartako hizkuntza batetik edo bestetik etorriak dira, eta ez geroztik asmatutakoak. Euskararen meritua ez da besteak baino zaharrago izatea (…). Euskara iraupen adibide paregabea da. Aspaldian Eurasian zabaldu eta nagusitu zen hizkuntza familia bateko oinordeko bakarra Europan. Hizkuntza indoeuropar hedazaleek inguraturik ia 3000 urtez bizirik irautea asmatu duen tradizio militar edo hedazalerik gabeko herri baten hizkuntza. (…)

  2. Jaime Altuna 7 years ago

    Interesgarria Juan Inazio Hartsuagak aipatutakoa: Euskararen meritua iraupen adibide paregabea izatea da. Mezu hori zabaltzea komeniko litzaiguke…

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*