KUKUKUMEEN AMA-HIZKUNTZA

KUKUKUMEEN AMA-HIZKUNTZA

ama hizkuntza kukua andra mari martxoko

Hilebeteroko zenbakien atala ilustratzeko zenbaki bat eta hegazti bat lotu ohi izan dugu eta, oraingoan, kukuaren irudia ekarri dugu. Izan ere, pasa den ostiralean Andra Mari Martxoko eguna izan zen. Antzinako euskaldunen egutegiak bi urtaro besterik ez zituen (uda eta negu), eta Ama Birjina Martxoko egun horixe izaten zen udako lehen eguna. Kukuaren etorrerak lur-soroak neguko lozorrotik esnatu zirela adierazten zuen, negua joan eta uda etorri zela, alegia. Hain zuzen ere, Ama Birjina Martxoko egunean kukuak ez jotzea, gaitz handi eta beldurgarria zen, ez baitzetorren udaberririk. Kukuak, badu ezaugarri kurioso bat: beste txorien habietan (txantxangorriak, txepetxak…), ezkutuka, arrautza bana errun eta kukukumeak hazteko ardura auzokoari katiatzen dio.

Baina artikulu honen gaia ez da kukua, ama-hizkuntza baizik. Otsailaren 21eko Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren harira, Gazteen Euskal Behatokiak gazteen euskararen erabilerari eta jarrerari buruzko hainbat datu ekarri baizituen. Datuok 15 eta 29 urte bitarteko gazteei dagozkie eta 2010eko abenduan jaso zituzten. Eta hor topatu dugu gaurko zenbakia: 21. Datu horien arabera gazteen %21en ama-hizkuntza euskara da; %70ena, gaztelania; %7rena, biak eta %2arena, euskara edo gaztelania ez den beste hizkuntza bat.

Nolanahi ere, euskara lehen hizkuntza izan zuten 15 eta 29 urte bitarteko gazteen ehunekoak gora egin du, 2006an %17,5eko mailan zegoenetik. Lehen hizkuntza gisa bai euskara, bai gaztelania izan zutenen ehunekoa ere apur bat igo da (%6,4tik %7ra), eta, ostera, %76tik %70era jaitsi gaztelania soilik izan zutenena.

Familian beti euskaraz aritzen diren gazteak %12 dira, eta euskaraz gaztelaniaz baino gehiago edo maila berean egiten dutenak, berriz, %22. Lagunartean %28k erabiltzen dute euskara eta ikasketetan eta lantokian, %40k.

Iñaki Martinez de Luna soziologoaren esanetan, ama-hizkuntzak eragina du gazteen euskararen erabileran, izan ere, hizkuntzaren transmisioa, hizkuntza baten aldeko sentimendua, eta familiaren eta norberaren hizkuntza gisa sentiaraztea eragiten duen lehen sozializazioak asko eragiten du, eta sozializazio hori familian gauzatu ohi da batez ere. “Gurasoen eta helduen portaeraren bitartez irakasten da nola/noiz/norekin erabili behar den hizkuntza bat edo bestea. Era horretan, hizkuntza bakoitzeko erabilera mota eta leku egokia zein diren finkatzen doaz umeengan, inkontzienteki”.

Eta gaurko irudiari begira, zalantza bat sortu zait. Kukuak ez bada kumeen hakuntzaz arduratzen, zein izango da kukukumeen ama-hizkuntza?

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*