EUSKARA, GAZTEAK ETA HEZKUNTZA: egin klik euskarari!

EUSKARA, GAZTEAK ETA HEZKUNTZA: egin klik euskarari!

Josu Azpillaga Codesyntax.com atarian Azpeitiako mahai ingurua

Kilometroak 2011 Azpeitian egingo direnez, Azpeitiko Ikasberria Ikastolak mahai inguruak antolatu zituen aurreko astean. Herriak euskaraz: klik! Lelopean antolatu ziren mahai inguruak martxoak 29 asteartea, 30 asteazkena eta 31 ostegunean. Mahai inguru guztiak Sanagustinen izan ziren eta guk horietako lehenegoan izateko aukera izan genuen. Teknologia eta sarea: euskara, gazteak eta hezkuntza izan zen lehen hitzaldia. Sare sozialez, bideo jokoez eta oro har, teknologiaz aritu ziren hizlariak, baina horrekin batera baita, hauetan, euskarak izan behar duen presentziaz ere. Mahai ingurua lau hizlarik eta moderatzaile batek hartu zuten parte:

Iratxe Esnaola (Deustuko Unibertsitateko informatika ingeniaria), Josu Azpillaga (CodeSyntaxeko ingeniaria), Joxi Imaz (Euskal Herriko Unibertsitateko soziologoa) eta Oihan Odriozola (Ikastolen Elkarteko informatika ingeniaria) izan ziren hizlariak; eta Garbiñe Bereziartuak (Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlaria) egin zituen moderatzaile lanak.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrik hiru helburu lortu nahi ditu mahai-inguruekin: Ikastola komunitatea, eskualdeko Euskal Herriko herritarrak auzolanean jartzea, kolore askotariko ikastola baten alde, guztien arteko kooperazioa indartzea eta ikastolak beste urrats bat ematea, gaurkotuz, berrituz eta hedatuz.

Hizlari bakoitzak, esparru desberdin batetik, teknologiaren mundu hau nola bizi izan duten azaldu zigun. Iratxe Esnaola, bere ikasleekin jasotako esperientziaren arabera, sare sozialen inguruan hitz egin zuen. Facebook eta tuenti bezalako sare sozialez aritu zen batik bat eta hauei ematen zaien erabileraz. Sare sozial hauek dituzten onuren eta kalteen berri eman zigun eta normalean ematen zaion erabilera okerra nabarmendu zuen. Honekin batera, hezitzaile eta gurasoentzako hainbat aholku emanaz.

Josu Azpillaga batez ere, euskarak interneten izan behar duen presentziaz ihardun zuen. Zortzigarren kontinente bihurtu zaigun honetan ere izan egin behar dugula azpimarratu zuen, eta euskarak bizitzea nahi badugu, etor daitezkeen garai berrietara moldatzen jakin behar dugula. Gainera, interneta, kalearen islada izanik, erreferente euskaldun batzuk sortu behar direla azpimarratu zuen, adibide bezala Azpeitiko Uztarriako web orrialdea aipatuz. Euskara hutsean eskaintzen den atari honetan, herriko informazio osatuena aurkitu dezakegu, herriko taldeen hainbat blog ere aurkitzen ditugularik, eztabaidak…

Joxi Imaz, bideo jokoen inguruan aritu zen, honen inguruan egin duten ikerketa batean oinarrituz. Bideo joko desberdinak, igorri ditzaketen baloreez mintzatu zen, batzuk negatiboak izan baitaitezke batez ere adin txikikoentzat, eta beste batzuek aldiz balore positiboak transmititu ditzakete. Honetan, azpimarratu zuen, jolasak duen garrantzia pertsonon garapenean, modu entretenigarri eta dibertigarri batetan ikasten dugulako, eta horregatik jolas hauen artean aukeraketa on bat egiten jakin behar dugula. Horretan, hezitzaileak, gurasoak eta aisialdi taldeak informatuta egon behar dugula azpimarratu zuen, gaztetxoak dagoenekoz murgildurik dauden irudien mundu honetako tresna baliagarriak erabili ahal izateko eta gaztetxoei kontsumo arduratsu bat egiten laguntzeko.

Bukatzeko, Oihan Odriozolak, teknologia berriak ikastoletan txertatzeko erabiltzen den metodologiaren berri eman zigun. Batez ere, ikasle konpetenteak sortzeaz eta Ikasys proiektuaz aritu zen. Proiektu honek, izan ditzaken onurez aritu zen, ikasle bakoitzaren erritmora moldatzeko gaitasuna, irakaslearentzako erraztasunak…

Bertan egon ginenontzat, aukera paregabea izan zen, adituon iritzi hauek jasotzeko eta elkarbanatzeko. Uste dugu, bakoitzak bere arloan lan eginez: ikastoletan, herri mugimenduetan, elkarteetan… euskara mundu digitalera zabaltzeko saiakera egin behar dugula, euskarazko eduki on bat sortuz eta honen kontsumo arduratsu bat egiten ikasiz eta irakatsiz. Beraz, egin Klik Euskarari!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*