Zer da euskara euskaraz ez dakitenentzat? (II)

Zer da euskara euskaraz ez dakitenentzat? (II)

Gaur eman zaie hasiera Udaltop Udaletako Euskara-Zerbitzuen III. topaketei. Gaur goizeko 9:00etan hasi eta arratsaldeko 17:30ak arte Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean 180 lagun inguruk erdaldunak eta euskararen inguruan hausnartzeko aukera izan dugu. Izan ere, aurtengo topaketen izenburua honako hau da: Zer da euskara euskaraz ez dakitenentzat? Haiek euskarara hurbiltzeko, zer eta nola egin daiteke udaletatik?Gaurko gure helburua, han jasotakoaren inguruan laburpen bat egitea da, bertan egon ez zaretenek ere, ideia nagusien berri izan dezazuen.

Hizlari guztiek esan dutena laburtzen jarriko bagina gehiegi luzatuko ginateke eta ondorioz ideia nagusi batzuen berri besterik ez dizuegu emango gaurkoan. Jone Miren Hernandez izan dugu hizlarietako bat, gai honen inguruan luze aritu da eta gauza garrantzitsu asko aipatu ditu. Horien artean bukaeran lau ideia nagusi azpimarratu ditu, euskara ez dakitenak euskarara hurbiltzeko asmoz kontutan izan behar diren lau ideia, aniztasuna, identitatea, genealogia eta gizarte egitura.

Andoni Llosa ezagutzeko parada ere izan dugu gaur, euskara teknikari lanetan dabil, eta topaketetan geunden askok berari esker gaur jakin dugu Trebiñun ere badela euskara zerbitzurik.

Gemma Sanguinések hizkuntza eta sedukzioa ekarri ditu mahaira, eta hizkuntza batek seduzitzeko behar dituen faktore hauek aipatu ditu: boterea, maitasuna, adimena, gaztetasuna eta edertasuna.

Azkenik Mercé Solé y Sonosa munduko hizkuntzen gune izan nahi duen LINGUAMON web orriaren inguruan aritu da eta bertan euskal esperientzien zain daudela adierazi du.

Erdaldunak euskarara hurbildu, erakarri, behar ditugula argi geratu da gaurkoan. Bihar berriz leku berean eta gai beraren inguruan bilduko gara eta gauza interesgarri asko egongo direla dakigunez, blog honetan topaketen berri ematen jarraituko dugu.

2 Comments

  1. aisia 7 years ago

    Onintza Iruretaren “Erredakzio Mahaian” Jone Miren Hernandezen hitzaldiaren laburpena irakurri daiteke: http://argia.com/erredakzio-mahaia/onintza-irureta/2011/04/08/jone-miren-hernandez-lasartearraren-bizipenak-euskararekin/

  2. txerra 7 years ago

    Lantalaneko blogean ere Idoia Illarramendik kronika ederra utzi digu: http://www.lantalan.com/248

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*