Zer duzu, buruko mina? Top 40ak eragiten dizuna da!

Zer duzu, buruko mina? Top 40ak eragiten dizuna da!

irratia musika gazteak

Halaxe bota ziguten Daddy Jeff eta konpainiak. Niri gutxienez segituan berotzen zait kaskoa irrati-formula komertzialetako doinuak belarri-zuloetatik sartu orduko. Eta uste dut bagarela batzuk antzera gabiltzanak. Zaborraren artean programa txukunen bat topatzea posible dela entzun izan dut, baina orokorrean jasanezina egiten zait. Merkatuko disketxe handien azken hilabeteko nobedadeak behin eta berriz jartzen dituzte zure gogoz-kontra burmuinean tatuatzen dizkizuten arte.


Egia esan, mundu osoan zehar, Top 40, Top 100 edo CHR bezala ezagutzen diren irratiak oso zabalduta daude. Musikaren hedapenaz arduratzen diren multinazionalek marketinerako darabilten tresna nagusietakoa direla esango nuke. Gazte askorentzat, hauek dira mundu mailako musika korronte nagusiaren berri jasotzeko bideak.
Euskarazko musikaz hitz egiten hasten bagara, ordea, eskema guztiz aldatzen zaigu. Besteak beste, multinazional indartsuenen marketin korrontea bideratzeaz gain, Gaztea irratiak euskararen erabilera sustatzea dauka bere helburuen artean.
Beste komunikabide batzuekin gertatzen dena gertatzen da euskarazko musika-irratiarekin. Hartzaile posibleen taldea, nahiko txikia da eta horrek eragina du eskaintzan. Euskaldunei zuzendutako irrati-formula komertzial gehiago egongo balira eta elkarrekin lehian bakoitzak nortasun bat landuko balu, entzuleok aukera gehiago izanda irabaziko genuke. Baina horrelako proiektu bat ekonomikoki bideragarri egiteak oso zaila dirudi, administrazio publikoaren gerizpean ez bada. Beraz, irrrati bakarrarekin talde oso zabal bat asetzeko ahalegina da, ezagutzen dugun Gaztea.
Hala ere, bada alternatibarik honetan ere. Merkatuek ezarritako mugez jabeturik, aspaldidanik daude martxan Euskal Herrian bestelako irrati-proiektuak. Irrati libre eta piraten bidez, euskarazko hainbat ahots heltzen dira gure belarrietara. Sarri elkarte, gaztetxe edo nolabaiteko mugimenduek bultzatutako irratiak dira hauek eta uhinen bidez freskura zabaltzen dutela esango nuke. Merkatua eta arau administratiboen eremutik kanpo jokatzeak askatasuna ematen du tokian-tokiko girora egokitzeko eta denekin ondo geratu beharraren esklabutzatik ihes egiteko.
Interneten garapenak irratigintzaren ezaugarriak guztiz aldatu ditu. Programa bat egin eta mundu osora zabaltzeko, ez da antenarik behar egun. Euskarazko eskaintza zabalagoa izan dadin nahi genukeenok irabazten atera gara honekin ere.
Hizkuntza gutxitu bateko hiztun bezala, eduki genezakeena eta daukaguna ikusita, pozik egoteko beste arrazoi bat ikusten dut. Eskaintza urri baten aurrean, erdarazko eskaintza zabalera jotzea da dugun aukeretako bat. Baina gertukoa eta txikia dena ere aukeran daukagu; Askotan xarma gehiago du honek; goxoago egoten da lagunarte txikietan.

Erreferentzia batzuk:

ARROSA IRRATI SAREA

INFO7- MUSIKA SAIOAK

HARROBIA LANTZEN

TTAN TTAKUN IRRATIA

IRRATIA.COM

EUSKARAZKO IRRATI ZERRENDA (2008koa)

4 Comments

  1. Jaime Altuna 6 years ago

    Artikulu interesgarria, Asier!. Garaigoikoa blogean Txerra Rodriguezek azken bi post-ak musikaren transmisioren inguruan idatzi du:
    Azazak 8: ekaitzaldia badok
    aurreiritzi-saltsa

  2. aisia 6 years ago

    Argian ere Asierren artikulua argitaratu dute: argia.com

  3. Maite Asensio 6 years ago

    Oso ona Asier! Nik bada denbora bat irratia entzuteari utzi niola, egia esan enaiz bilatzen asko saiatu baina ez dut nire gustuko musika jartzen duten irratirik aurkitu. Zure proposamen horiek aintzat hartuko ditut dudarik gabe!

  4. Gorka 6 years ago

    Erabat ados artikuloarekin! Neri, egia esan, lotsa ematen didate irrati komertzialek eskeintzen dutena. Eta hemengo irrati komertzialen inguruan ba… zer esan! “Gaztea irratiak euskararen erabilera sustatzea dauka bere helburuen artean” ondo iruditzen zait baina ez dute euskal herrian egiten den musika ez sustatzea lotsagarria da.
    Agur bat!

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*