KONTRAKO NORABIDEAN

KONTRAKO NORABIDEAN

korrontearen kontra Asier Basurto musika eta gazteak

Karrikiri Iruñeko Euskaldunon Elkartetik, Karrika aldizkariaren 149. alean argitaratzeko iritzi-artikulu bat idaztera gonbidatu ninduten. Bertan gazteek hizkuntzarekin duten harremanaz idatzi dut, musikaren inguruko adibideak aipatuz. Aisia.net-eko blog honetan ere musika, gazteak eta hizkuntzaren gaia jorratzen dugunez, idatzitakoa bertara ekartzea egoki ikusi dugu:

Ez dakit zenbat aldiz ikusi dudan euskal rockaren hastapenei buruzko dokumental mitikoena: Salda Badago. Bertan, Anje Duhaldek berari gertatutako pasarte bat kontatzen du. Bera eta beste batzuk Ingalaterra eta Ameriketatik zetozen rock doinuak euskaraz lantzen hasi zirenean, sektore euskaltzaleetan kontrako iritziak agertu omen ziren. Asaldatuta zeuden batzuk, ikusten eta entzuten zutenarekin. Anje eta bere lagunak, gustatzen zitzaien musika euren hizkuntzan egin nahi zuten gazteak ziren. Dokumentalean, Mixel Labegueriek emandako gomendioa ekartzen du gogora lapurtarrak: “Egin zak nahi duana, euskaraz baduk ondo egongo duk.”

Esaldiaren bigarren zatia nahiko barneratuta dago euskaltzaleen artean; edozeri, euskaraz bada, balio erantsia aitortzen zaio. Baina kasu honen gakoa esaldiaren lehen zatian dagoela esango nuke. Nahi dugun hori da, euskaraz egin beharrekoa; desio duguna; gustatzen zaiguna.

Dokumental berean, Hertzainak taldearen sortzaileen hitzak ere jasotzen dira (Montoia eta Zabala). Punk talde bat sortzeko erabakia hartu zuten unetik taldeak euskaraz abestuko zuela oso garbi ikusi omen zuten. Ezinbestekoa omen zen mugimenduaren filosofiarekin bat egiteko. Horrek eman omen zion Xabier Montoiari euskara ikasten hasteko behar zuen azken bultzada. Antza denez, gazte horiei euskarak izaera eman zien: euskaldun izaera bai, ziurrenik; baina baita punk izaera ere.

Ikusten denez, Euskal Herriko rock eszenaren sorreran, musika hori euskaraz egiteko beharra sentitu zuten batzuek. Jatorrizko euskaldun batzuek rocka egin nahi zuten, doinu tradizionalagoetara bideratzen zituen korrontearen kontra. Eta punk jarrera zuten beste batzuek euskaraz abestu zuten, euren inguruan arruntena gazteleraz egitea zenean. Nahi zutena egin zuten, inori men egin gabe, eta hamarkada batzuk beranduago, eurek egindakoak bidea ireki zuela ikus dezakegu.

Gaurko gazteen artean euskara nola sustatu hausnartzen ari direnentzat bada zer ikasia gertaera horietatik, nire ustez. Izan ere, euskara gazteen bizimoduan, euren harreman naturaletan, gertukoetan, informaletan hedatuko bada, gazte horien izaeraren parte bihurtu beharko da eta euren desio eta gustuekin lotuta egon beharko da.

Baina bada beste kontu bat. Gaur egun euskarak gure herriko bizimoduan betetzen duen lekua ikusita eta baldintza soziolinguistikoak eraldatzea zeregin motela dela jakinik, esan dezakegu korronteak gaztelaniaren itsasora garamatzala eta denbora batez gutxienez horrela jarraituko duela. Beraz, 30 urtetik gora pasa direnean, gauza batzuk aldatu diren arren, badirudi gaur egun ere korrontearen kontra joateko prest dagoen gazteria dela euskararen esperantza. Bultza dezagun kontrakorrontea!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*