GORA, BEHERA…BARRAKETAN

GORA, BEHERA…BARRAKETAN

Noria Antonio Fiol Barrakak euskaraz

Astelehen berezia da gaurkoa. Datu, sailkapen eta emaitzei begira arituko zarete gehienak: norberaren herrian nor igo den, nor jaitsi den, nork irabazi duen, nork galdu… Norberaren futbol edo saskibaloi taldeak edo txirrindulari gogokoenak zer egin duen, irabazi, galdu, igo, jaitsi…Barraketan bezala, denak gora eta behera dabiltza bai kirolean, bai hauteskundeetan… Eta denak pozik (edo itxura eginez). Eta guri barrakei buruz idaztea otu zaigu; nahiz eta, ziur aski, gaurkoan inork gutxik irakurriko duen.

Uda hurbiltzen den heinean herrietako festak ugaritzen haste dira. Jaiekin batera herrietara barrakak iristen dira. Haurrei zuzendutako aisialdi jarduera izanik, esan daiteke, orohar, ez dela euskararekin lotzen den zerbait. Horregatik, hainbat udalherrietan interbentzio bereziak egiten dira barraka guneetan euskararen presentzia areagotzeko. Hori da, besteak beste, Bizkaian aurtengorako prestatu duten planaren helburua. Jarraian, ekimen honen inguruko informazioa:

“Bizkaiko Foru Aldundiak, EUDELek eta AFADE, Euskadiko Ferialari Autonomoen Elkarteak, lankidetza-hitzarmena sinatu dute herrietako jaietan jartzen diren barraka eta jolas-ikuskizunetan euskararen erabilera sustatzeko asmoz. Hitzarmen horri esker, besteak beste, AFADEko kideek euskarazko kartelak eta euskarazko musika jasoko dituzte Bizkaiko Foru Aldundiaren eta EUDELen eskutik.

Ez da lehenengo aldia Bizkaian barrakak euskalduntzeko saiakera egiten dena, izan ere Alkarbide osatzen duten euskara zerbitzuak 2009an eta 2010ean saiatu ziren herriko jaietan ohikoak diren barraka-guneak euskalduntzen. Ekimen honen aitzindaria Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzua da. Honek 2009an euskaraz idatzitako kartelak eta lau euskal musika CD prestatu zituen. Getxoko barraketan banatu zuen materiala.

Lankidetza-hitzarmen horren helburua, alde batetik, Bizkaiko euskara zerbitzuek hasitako lana finkatzea eta babesa ematea da, eta bestetik, AFADErekin hartu-emanak modu iraunkorrean lantzea, euren jardueran euskara sustatzeko behar diren aholkularitza eta laguntza bideratuz. Lankidetza-hitzarmenaren iraupena urtebetekoa da, baina urtez urte luzatu ahal izango da.”

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*