HIZKUNTZA POLITIKA EGIN BEHAR DA

HIZKUNTZA POLITIKA EGIN BEHAR DA

Xamar, Hik Hasi aldizkarian elkarrizketa

Hik Hasi aldizkariaren 159. zenbakian Juan Carlos Etxegoien Xamar-i elkarrizketa egin diote. Hezkuntza jorratzen duen aldizkaria izanik eta bere lan esparrua hori denez, eskolari buruz mintzo da Xamar. Hala ere, eskolatik haratago joan da eta askotan errepikatu duen hitza “politika”da: “euskararen normalizazioaren arazoa ez da pedagogikoa soilik, soziala da, alegia, politikoa. Kalean dagoen zerbait da eskolak ezin du konpondu”.

Hona hemen Xamarrek utzitako aipamen batzuk:

Isolamendua, mestizajea, elkarrekintza…

“Gure hizkuntza komunitatearen iraupena harrigarria da historikoki. Pentsatzea hori kasualitatea izan dela, mendien artean ahaztutako herri bakartuaren izatearen ondorio dela, inozokeri galantza da. (…). Beste hizkuntzekin eta kulturekin elkarrekintzan aritu behar dela esaten da gaur egun. Baina hori beti egin izan da. Ez dago kultura bakarturik munduan. (…). Beraz, ideia hori, herri isolatuarena, konkistatu gabeak garela dioen ideia hori, faltsua da. Kanpokoek ezarri diguten ideia da, sinetsi egin dugu, eta bidenabar, konplexua sortzen digu: ” oso itxiak gara, ireki egin behar dugu”. Ireki? Gehiago? Gu bezalako herri demokratikorik ez dago, zeren gure herri definizioa hizkuntzan oinarritzen da: ikasi hizkuntza eta gutarra izango zara.

(…) Kultura gutxik definitzen du bere burua mintzoa oinarri hartuta. Herria euskararen herri bada eta, logikoki, herrikidea euskara duena bada, garbi dago zer nolako hizkuntza kontzientzia egon den hemen, zernahi zela egoera historiko eta politikoa”

Erabilera, eskola eta politika:
”Eta erabilera gizarte arazoa da, eskolatik kanpo gauzatzen dena, eskolan irakats daiteke zernahi hizkuntza: latina, frantsesa, ingelesa, euskara…baina eraikinetik kanpo erabilera eremurik ez badago, alferrikakoa izango da eskolan egindakoa. (…)Eta hauxe galdetu behar dugu: ba ote dago gizartean eragiteko prest dagoen inor, funtsezko alor honetan?. Horrek politika du izena, ez gaitezen engaina. Kasu, kontrakoa egitea ere politika da. Eskolan egiten dena gobernuen menpe da, gobernuek agintzen dute, ez irakasleek”

(…)Printzipioz, hizkuntza normalizatu den tokietan, hizkuntza da nagusia. Alegia, politika zernahi gaitan egiten duzula, kontua zera da: “Egiten ari naizen honek zer ondorio ditu, hizkuntza komunitatea indartzeko?”

Erabilera, gizarte arazoa:
“Hasteko hizkuntzak zinez ofiziala izan behar du eta gizartearen arazoa dela onartu, ez dela arazo pertsonala, bihurtu nahi duten moduan. Eta hori gizartean beste gai batzuekin ere ari da gertatzen. Horregatik dira best sellerrak autolaguntza liburuak”ez bazara zoriontsua, zeure errua da”. Lan baldintzak, euskaraz egitekoak…gizarteari dagozkion alor guztiak gizarte arazoak dira, hain zuzen. Guk bakarrik ezin ditugu konpondu maila pertsonalean, antolaketa kolektiboa behar da.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*