Gazteak eta euskara, nondik nora?

Gazteak eta euskara, nondik nora?

Gazteen erabileraren GPS -a, liburuxka eta posterra

Euskararen egoerak arduratzen gaituenon aldetik, sarri jartzen da arreta gazteengan. Etorkizuneko gizartea osatuko dutela eta, euskararen normalkuntza prozesua bururaino eramango dutenak direla esaten da, ardura hori euren bizkar gainean jarriz. Horrela egin izan da, neurri handi batean behintzat, orain artean ere. Eskolak gazteak euskalduntzen bazituen, belaunaldi berriek gizartea modu naturalean euskaldunduko zutela pentsatuz lan egin izan da batzuetan. Eta ondoren, esperotakoa esperotako epeetan gertatu ez denean kezka nagusitu da.


Gaur egun Euskal Herriko gazteen artean dagoen euskararen ezagutza proportzioa eta euskararen erabilera proportzioaren arteko aldeari buruz asko idatzi eta hitz egin da. Liburuak, webguneak, artikuluak, eta solas ordu asko bete ditu gai honek. Fenomeno honi buruzko interpretazio eta esplikazio ugari bota dira plazara. Baina azalpen horiek, batzuetan, ez dute adierazten Euskal Herriko gazteria eta bere praktika linguistikoaren benetako konplexutasuna. Laburbildu nahiak edo sinplifikatu nahiak, sinplekeria eta gaizkiulertuaren arriskuak dakartza.

Soziolinguistika Klusterra
, Urtxintxa Eskola eta Topagunea euskara elkarteen federazioak, gaiaren ikuspegi orokor bat eskuratu nahian burutu zuten Gazteen erabileran eragiten duten faktoreen azterketa. Gazteek, gazteekin arituek eta gazteetan adituek parte hartu zuten lan honetan euren iritziak emanez. Emaitza nagusia, fenomeno osoaren ikuspegia ematen duen mapaizan zen. Bertan erabileran eragiten duten 11 faktore bereizi ziren, bakoitza bere azpifaktoreekin, eta hiru mailatan antolatu ziren.

Orain, hurrengo pauso bat aurkeztera gatoz. Lan teoriko eta deskriptiboek, gizartera bideratzen ez badira baliorik gabe geratzeko arriskua dute. Horregatik, egindako azterketatik tresna bat sortu da. Erabileraren GPSa hizkuntza erabileran kokatu eta bertan esku hartzeko gida da, gazteei eta eurekin harremanean dihardutenei zuzendutakoa. Hizkuntza erabileran eragiten duten aldagai guztiak kontuan hartuz lan egiten laguntzeko sortu da, egiten dugunaz ondo hausnartu eta lanari interesatzen zaigun norabidea emateko.

Liburuxkaren edizio digitala eskuragarri dago www.soziolinguistika.org/gazteak helbidean.
Paperezko liburuxka eta posterra jaso nahi izanez gero, eskaerak kluster@soziolinguistika.org

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*