UDALEKUETAN ZER?

UDALEKUETAN ZER?

udalekuak euskara gurasoak

Udan sartu gara dagoeneko eta iada gurasoek beraien haurrentzako udalekuak aukeratu dituzte. Askotan ez da aukera erraza izaten, izan ere, eskaintza geroz eta zabalagoa da eta ondorioz aukeraketa zailagoa.Baina zein irizpide jarraitzen dute gurasoek udaleku bat edo bestea aukeratzerako garaian? Egia esan ez daukat oso garbi, entzutea gustatuko litzaidaken erantzuna zein den badakidan arren, egiaren beldur naizela esan beharra daukat.

Udako egitasmoek duten garrantziaz jabetzen ote diren da nire duda. Hauetan landuko diren helburuak, gaiak, gurasoek ezagutzen dituzten ere ez dakit. Baina orduan zer begiratzen da udaleku batzuk aukeratzerako garaian? Prezioa, ordutegia, lekua… Agian haurraren heziketan hain funtsezkoak ez diren gauzak begiratzen dira, edo beste muturrera joaten bagara, ingelesa, musika, kirola… lantzea bilatzen dute gurasoek. Hau da, udalekua ez dadila denbora galtze bat izan eta bertatik zerbait ikasirik atera daitezen nahi dute guraso askok eta askok, eta ikasi esaten dut bai, beste udalekuetan ere zentzu askotan aberastuko direla ez baitira konturatzen.

Baina guzti honen erdian non geratzen da euskara? Behar duen garrantzia ematen diogu udako egitasmoetan? Urte guztiko gure asmo eta helburuak ahaztu eta kasu batzuetan euskara ere oporretara bidaltzen dugu? Badirudi euskararen presentzia hutsarekin nahikoa dugula eta ez gara pentsatzen jartzen udaleku horietan gaia nola landuko den, urtean zehar egindakoari jarraipena emango ote zaion edo guztiz kontrakoak diren mezuak jasoko dituzten. Ez gara pentsatzen jartzen, lanean arituko diren hezitzaileak horretarako prestatuak ote dauden, euskara jakitearekin guztia egina dagoela uste baitugu askotan.

Aisialdiak hizkuntza baten normalizazio prozesuan izugarrizko garrantzia du. Hizkuntza esparru guztietara zabaldu eta gauza, polit, interesgarri eta dibertigarriekin lotzea beharrezkoa da, etorkizun batean, haurrak hizkuntza hori erabiltzeko aukera egitea nahi badugu. Udaleku hauetan bizitzen dituzten gauza asko eta asko bizitza guztirako gordetzen dituzte oroimenean, eta hauek euskararekin modu positibo batean loturik badaude, aurrerapauso handia egingo dugu gure hizkuntzaren alde.

Euskara ikasgeletatik atera eta esparru informaletan lantzeko aukera paregabea dugu udaran. Alperrik galtzea pena bat litzateke eta ondorioz, pixkanaka pixkanaka guztiok honen garrantziaz jabetu eta udalekuak aukeratzerako garaian, beste gauzen artean, euskara ere kontutan hartzea espero dut.

Uda ona izan guztiok!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*