EMOISTAXUX MUXUTXUEK

EMOISTAXUX MUXUTXUEK

EMOISTAXUX MUXUTXUEK musika euskara euskalkiak

Lehengo batean, lagun batekin, gure musika hastapenez aritu ginen. Erosi edo oparitu ziguten lehenengo CDa, lehen kontzertua, lehen kamiseta… Ohartu ginen, lehen urrats horietan bakoitzak gure inguruko taldeak jarraitzen genituela: berak Bilbo ingurukoak eta nik gipuzkoarrak. Kasualitatea ote? Zergatik izango da?

Euskal Herria txikia izan arren, bere barruan lurralde-eszena bat baino gehiago ditu. Talde batek sekulako jarraitzaile pila izan ditzake Nafarroan eta Bizkaian jotzen dituen kontzertu apurretan, berriz, plaza hutsekin topatu, esaterako. Ulertzekoa da, kontuan hartuta taldekideen bizilekuak jarraitzaileekin harreman zuzena izateko aukerak sortzen dituela eta taldearen ibilbidea ezagutzeak berekiko lotura sortzen duela.

Eta hizkuntza kontuak?

Euskalkia erabiltzeak taldea hizkera hori erabiltzen den zonalde horretara lotzen du? Ez da euskalkia bakarrik, gainera, talde batzuk, beren herrian ahoz erabiltzen duten hizkeran abesten dute, naturalki irteten zaien bezala. The Uski´s-ek Busturialdean egiten den bezala, bizkaiera erabiltzen dute; Brigada Criminalek, hika kantatzen zuen batzuetan, normala Lazkaokoak zirela kontuan hartuta; edo MAK lapurtarrek, batuan abestu arren, entonazio eta doinu bereziz bustita igortzen dituzte euren mezuak.

Hala ere, ez da joera orokorra. Azken urteetan arrakasta ezagutu duten euskal taldeetan euskara batuan eta guztiz zuzenean abestekoa da joera. Hala egiten dute Berri Txarrek, Ken Zazpik, Kerobiak, Zea Maysek, Esne Beltzak… Gurean, jarraitzaile gehien duten taldeen letrei Euskaltzaindiak ere bendizioa emango lieke. Egia da, gutxienez ez datozela Goenkaleko laborategiko gazte hizkera informalarekin. Eta ziurrenik, modu naturalean sortzen zaien erregistroan abesten dutela. Baina zalantzak sortzen zaizkit.

Hika erabiliz, arrakasta eduki daiteke Araban? Eta bizkaieraz kantatuz iparraldean? Oraindik Gozategik emoistaxux muxutxue esateak grazia egiten dionik bada. Baina, posible da Euskal Herri mailako arrakasta lortzea tokiko hizkera erabiliz?

Izango duzue honi buruzko teoriraren bat, ez?

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*