ZER DAKIZU AMAZIGERARI BURUZ?

ZER DAKIZU AMAZIGERARI BURUZ?

c.hug amazigh hizkuntza libia

Azken hilabeteetan Libia dugu notizia iturri nagusienetako bat eta joan den igandean Berriak bertan hitz egiten den hizkuntza baten inguruan elkarrizketa interesgarria argitaratu zuen.

Amazigera zer den eta zertan den ulertzeko Muhamed Khalifa-ri egindako elkarrizketaren hainbat zati nabarmendu ditugu:

Hasi baino lehen, zergatik amazigh, eta ez berbere?

Guk amazigh deitzen diogu gure buruari, eta tamazight gure hizkuntzari [euskaraz, amazigera]. Hemendik kanpo berbere hitza asko erabili ohi den arren, guretzat ez dauka inongo esanahirik. Amazigh hitzak gizon askea esan nahi du; berbere-k, berriz, deus ere ez. Era berean, amazigera deitzen diogu gure hizkuntzari, eta ez berberera.

(…)

Zenbat amazigh daude Afrikan? Eta Libian?

Afrika iparralde ia osotik zabaltzen da gure herria, Marokotik Niloko mendebaldeko ibaiertzeraino. Mendeetan gu izan ginen Afrika iparreko jatorriko biztanleak, Kanaria uharteak barne. Tamalez, egun ez dago jakiterik zenbat garen, bertako gobernuek ez baikaituzte herri gisa onartu. Gauzak horrela, ezin daiteke erroldarik egin. Libiari dagokionez, batzuek diote populazioaren %10 besterik ez dugula osatzen —6,4 milioi lagun bizi dira Libian—, baina nik gehiago esango nuke. Nafusan ez ezik, Libiako ekialdean ere jatorriko amazighak badaude. Bestalde, gutako askok Tripoli, Bengazi eta Misrata hiri handietara jo ohi dute. Pentsatu behar duzu libiar guztiak amazighak zirela jatorriz, baina islama zabaldu heinean hizkuntza galduz joan zela. Ulertzekoa, ikaragarrizko diglosia suertatu baitzen: alde batean, idazten ez zen hizkuntza bat; bestean, Koranarena… Ezin borrokatu horren kontra, eta, egun, mendi hauetan eta Libia ekialdeko oasi batean baino ez du bizirik iraun amazigeraz.

Hala ere, aurre egin diozue presioari…

Mendi hauetan, Nafusan, arabiarrak ere bizi dira, baina apenas nahastu garen haiekin. Rehibat herrian baino ez dira elkarrekin bizi bi herriak; gainontzeko guztiak amazighak ala arabiarrak dira, ehuneko ehun. Banaketa hori izan da, hain zuzen, gure hizkuntza egundaino mantendu izanaren sekretua.

Hizkuntza al da, beraz, zuen nortasunaren zutabea?

Funtsean bai. Amazigeraz dakienari amazigh deitzen diogu egun, bestela ez.

Marokon hainbat pauso eman dira berriki konstituzioak amazigera onar dezan. Zuek ere horrelakorik espero al duzue Libian?

Berebiziko pausoa izan arren, Marokon urteak beharko dira gure herriaren kontrako diskriminazioa amai dadin. Gurean, Libia askearen konstituzioa idazten denean, amazigera koofiziala izatea nahi dugu, arabierarekin batera. Hamarkadak soilik ez, mendeak eman ditugu dagoeneko arabiarren presiopean. Gurea aldarrikatzeko garaia da.

Elkarrizketa osoa: hemen

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*