Ikusten diren abestiak

Ikusten diren abestiak

Duela 30 urte baino gehiago, kaltea egina zegoela esan zuten batzuk; bideoak irrati izarra hil zuela. Ia jarraian etorri zen MTVren sorrera eta zabaltzea. Bada egunotan antzeko kezkekin dabilenik ere..

Ordutik aurrera, musika talde eta bakarlariek promoziorako erabili izan dituzte bideoklipak. Diska berria kaleratzean, singlearen bideoklipa telebistetan zabaltzea izan da normalean erabili duten bidea. Disketxe handienekin eta musikari ezagunenekin lotutako kontua izan da bideoklipa urtetan. Kaleratu zirenean sortu zuten harridurak, musikaren historiarako gordeta utzi ditu ale batzuk. Michael Jackson zombiez inguratuta dantzan agertu zenean edo Prodigyk parranda gau bat lehen pertsonan kontatu zuenean, beraien kantak aurkezteko inoiz erabili gabeko moduak erabiltzen ari ziren.

Ordutik aurrera, hedatu eta hedatu egin da bideo musikalak ateratzeko ohitura. Nazioarteko korronte komertziala osatzen duten musika izarrek, diska bakoitzeko 3, 4 edo 5 kantarekin grabatzen dituzte bideoklipak gaur egun.

Pasa den udan zehar, horren bila joan gabe, behin baino gehiagotan topo egin dut Hamaika Telebistan euskarazko bideoklipak bata bestearen jarraian jartzen dituzten saioarekin. Harrituta geratu naiz ikusitakoarekin. Bideoklip guztiak euskaraz kantatzen duten taldeenak ziren eta hauetako asko ez nituen ezagutzen (1) (2). Bideogintza etxeko musikarien artean erabat hedatua dagoela ikusteko balio izan zidan. Talde euskaldun handienek zuzeneko kontzertuak edo bideoklipen bat egitea ez da atzoko kontua; baina kontzertuetatik, irratitik edo ahoz-ahokotik ezagutzen ez dituzun taldeekin telebista bidez topo egitea bai.

Bideoetan, beste guztian bezala, aurrekontu potoloen abantailarekin jokatuko dute batzuk, baina iruditzen zait txikientzat, gertukoentzat, gauzak errazago daudela zer edo zer orijinala sortu eta zabaldu: telebistara, internetera, mugikorretara…

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*