Negura hurbiltzen

Negura hurbiltzen

Negua gerturatzen ari den honetan, guraso askoren kezka handitzen ari da. Asteburu honetan ordu aldaketa dugu eta honek, negua aurreratzeko joera duela iruditzen zait askotan. Kalera atera orduko ilun izaten dugu eta etxeratzeko ordua izaten da askorentzat.

Askotan munduaren aurka nabilela iruditzen zait, haur txikia dut eta gu ateratzen garenerako guraso asko ikusten ditut etxerako bidea hartuta. Iluntzen hasi orduko semeak gogorarazten dit, ”Ama, iluna dago!”, baina zer egingo diogu, duela gutxi atera gara eta!

Asteburu honen ondoren ordea, etxetik atera orduko esango dit ”Ama iluna dago!” eta nik zerbait asmatu beharko dut, neguan parrandazaleak garela kontatu beharko diot eta gauez ibiltzen garela, gautxorien moduan. Baina iluntasunaz gain eguraldi txarra ere etorriko delakoan nago eta orduan zer? Zer egin daiteke neguan haurrekin? Udaran, aisialdiaz gozatzeko aukera zabala izaten dugu, eguraldi ona eta beroarekin, igerilekuak, parkeak, hondartzak, mendia… gauza desberdinak egiteko aukera izaten dugu. Neguarekin ordea, aukera horiek murriztu egiten dira eta etxean geratu behar izaten dugu askotan, edo kalean aterperen bat aurkitu. Hotzaren beldur ere izaten gara eta haur txokoak, ludotekak,kafetegi nahiz tabernak, goxotasun bila dabiltzan haur eta gurasoez betetzen dira.

Hala ere, herri desberdinetan, arazo honen aurrean alternatibak aurkitu dituzten gurasoak izango direlakoan nago, eta hauen berri izatea gustatuko litzaidake. Zer egiten duzue eguraldi txarrarekin? Zuen udalak honen aurrean zerbait eskaintzen du? Aisialdiaz gozatzeko zein aukera ezagutzen dituzue?

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*