HELDUOK HAURRENGAN DUGUN ERAGINAZ

HELDUOK HAURRENGAN DUGUN ERAGINAZ

Gaur goizean irratian Oarsoaldeko Euskara Batzordearen iragarki batekin topo egin dut pasadan, albistegian zehar egiten dituzten etenalditxo horietako batean. Iragarkian bi haur entzuten dira jolasean, dendaria eta familia bateko amaren roletan. Amak laranjak eskatzen dizkio dendariari eta ordaintzeko dituen arazoak justifikatu nahian, “el Euribor ha subido mucho” komentatzen du. Haurretako baten aita agertzen denean zertan ari diren galdetu eta “jolasten eta gauza inportanteez hitz egiten” jasotzen du erantzuntzat. Jolastu euskaraz eta garrantzizko gauzak gaztelaniaz, beraz..

Nafarroa Oinezeko azken edizioan haurren gunean egokitu zitzaidan lan egitea, puzgarri eta tailerren txokoan. Bi haur eta euren bi amak gerturatu ziren eskulanak egiten ari ginen mahaietako batera. Umeetako bati margo gorria luzatu nionean, “no quiero el rojo, a mi me gusta el azul” esan zidan irribarretsu. Amak, ordea, berehala ohartarazi zion margoak euskaraz eskatu behar zizkidala, “neskari euskaraz hitz egin!” esaldi irmo bezain petral baten bitartez. Handik bi minutura aldiz, petraltasun guztiak ahaztuta, “acaba cariño, que tenemos que comernos el bocata” xuxurlatu zion. Esaldi mikatzak euskaraz, gozoak gaztelaniaz, beraz.

Aipatu berri ditudan bi adibide hauekin ez dut inondik inora esan nahi Oarsoaldean Nafarroan baino hizkuntza-eredu hobeagoa ematen denik, hizkuntzaren aurrean egiten diren hautu guztiak, edo ia guztiak bederen, zilegi baitira. Euskararekiko helduok dugun jarrera azaleratzeko modu anekdotiko bat besterik ez da. Ez gara konturatzen ordea, gure jokabide eta aukerek, bai kontzienteki eta baita oharkabean egiten ditugun horiek ere, inguruan ditugun haur eta gazteei zein puntutaraino eragiten dieten. Bide batez esan, YouTubeko bideo bisitatu horietakoa bilakatu den beste iragarki bat gogorarazi didala irratikoak, Children see, children do delakoa hain zuzen.

Egongo da gauzen garrantzia edo gazi-gozotasuna erlatiboak direla esaten duenik. Egin diezaiogun, bada, kasu pixka bat gehiago erlatibitatearen maisuari:

“Example isn’t another way to teach, it is the only way to teach”

(“Eredu izatea ez da irakasteko modu bat, irakasteko modu bakarra baizik”)

Albert Einstein

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*