Ura da osasuna

Ura da osasuna

A water feature at Arley Hall, Cheshire. Euskal Musika

Zein da euskarazko musikagintzaren osasuna, gaur egun? Lehen baino artista hobeak daude? Entzule gehiago? Kontzertu gutxiago? Estilo aldetik, aniztasuna hazi da? Disko gehiago ateratzen dira? Gutxiago saldu?

Galdera hauen inguruko eztabaida amaiezina izan daiteke. Batez ere bakoitzaren erantzunak sentsazioetan oinarritzen direnean. Azken hamarkadatan, euskarazko musikaren panoramak bilakaera bat izan du. Kopuruetan, estiloetan azpiegituretan eta entzulegoan aldaketa nabarmenak eman dira. Bizirik dagoenaren seinaletzat hartzen dut nik etengabeko aldaketa hau. Dagoeneko hor geratu da XXI. mendeko lehen euskal kanta arrakastatsuen multzoa.

Ibilbide honi begira, galdera gehiago ere sortzen dira. Modan al dago euskaraz abestea? Eta euskarazko taldeak entzutea? Lagun al dezake musika sorkuntzak hizkuntzaren zabalkundean?

Katalunian ere aritzen dira batzuk antzeko gaien inguruan. XXI. mende hasierara katalanezko musika zein osasunez heldu den baloratuz liburuak ateratzen dira. Euren hizkuntzan kantatuz mugak gainditzen dituzten artisten kasuak goraipatzen dira

Egia esan, nik ez dut erantzun borobilik. Ez dut ikusten txanpaina ateratzeko arrazoirik, baina ezta gainbeheraren seinalerik ere. Iturri txikiak handiak bezainbeste kentzen omen du egarria eta euskarazko musikarien iturriak ura ematen jarraitzen du. Jarrai dezala horrela eta agian, gutxien espero dugunean, uholdeek harrapatuko gaituzte.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*