Abenduak 3, euskararen eguna

Abenduak 3, euskararen eguna

Abenduaren 3an euskararen nazioarteko eguna ospatzen dugu. Hainbat eta hainbat herrietan ekintza desberdinak antolatzen dira egun horretarako. Mintzodromoak, kalejirak, bertso afariak… euskaraz aritzeko eta euskara entzuteko aukera izaten dugularik. Baina, eta zer gertatzen da urteko beste 364 egunekin?

Badirudi beharrezkoa dela askorentzat egun horretarako zerbait antolatzea, euskarak urte guztian hartu dituen hautsak harrotu eta berriz ere erabiltzeko eguna da abenduaren 3a. Ez zait gaizki iruditzen egun horretarako ekintzak antolatzea, gure hizkuntzak ere mereziko du egun berezi bat izatea, baina urtean behin euskararen alde egitea ez dela nahikoa iruditzen zait. Urte guztian ezer gutxi egin ondoren, egun horretarako ekintzak antolatzeak edo ekintza hauetan parte hartzeak, ez du gehiegirako balio. Oihartzuna izan dezake bai, izan ere komunikabideek egun horretan honen berri ematen dute. Baina urteko beste egunetan ez badugu euskararekiko kontzientzia hori, ezer gutxirako balioko du egun bakarrean egindako lanak.

Euskararen nazioarteko egunak, urte guztian egin diren gauzak goraipatu eta eguneroko lanean jarraitu behar dugula gogoratzeko balio beharko luke. Oraindik asko dago egiteko, batzuentzat egiten dena soberan badago ere, horregatik egun hau bultzada bezala erabili behar genuke, urte guztiko lanaren parte behar luke izan eta ez urteko esfortzu eta indar handienak batzen dituena.

Beraz, biharko eta gaurko antolatuta dauden ekintzetan parte hartzera animatzen zaituztet, baina ez pentsatu horrekin nahikoa denik eta jarraitu dezagun lanean.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*