HORRA, HORRA GURE OLENTZERO

HORRA, HORRA GURE OLENTZERO

Badator Olentzero aurten ere eguberria iritsi zaigula iragartzera. Eta horrekin batera, iritsi zaigu kantu eskera ateratzeko garaia ere. Nahiz eta azken urteetan galtzen ari den ohitura bat izan, oraindik ere, hainbat eta hainbat herritako usadioa izaten jarraitzen du trikitixa eta panderoa lagun, bertso kantari baserriz baserri limosna bat eta hamaiketakoaren eske ateratzearena.

Eta badu zer ikusirik horrek olentzeroren etorrerarekin. Teoria batzuen arabera Euskal Herriko gizon maitatuenetako baten jatorria hortik baitator hain zuzen ere. “Oles egitea”, agur egitea alegia, gabonetako eta Santa Ageda bezperako kopla zaharretan maiz agertzen den esapidea da (Zorion etxe honetako denoi/ oles egitera gatoz/ aterik ate ohitura zaharra/ aurten berritzeko asmoz); hortik oles-aroa, hau da, etxez etxe kantuan janari eta diru eskean ibiltzeko garaia, gero merendu edo afari legea egiteko. Olentzeroa < Oles (egiteko) aroa dugula aipatzen digu Jose Maria Satrustegi etnografoak bere hipotesian.

Aspaldian, zabaldu zaigu joerari dagokionez, herrietan batez ere haurrak eta gaztetxoak ateratzen zaizkigu, jaiotza harturik, etxez etxe diru eske, gabonetako abestiak abestuz; ez dute janaririk nahi izaten. Beraien helburuak desberdinak izan ohi dira: ikasturte bukaerako bidaiarako dirua lortzea, aurrezteko sos batzuk ateratzea… Ohiturak aldatuz joaten baitira iraungo badute. Beraz, tradizioari eutsi diezaiogun, jantzi dezagun baserritar jantzia eta atera gaitezen gure gure kantuez baserriak, auzoak eta herriak alaitzera.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*