EUSKARAZ IKASI DUEN JAPONIARRA

EUSKARAZ IKASI DUEN JAPONIARRA

Keikori Suzuki Iruñeko Hizkuntza Eskolan, japoniera irakasle da. Nagoya, Japoniako laugarren hiri handiena da bere sorterria. Han Filologia Hispanikoa ikasi zuen unibertsitatean eta hori izan zen Iruñara lehen aldiz ekarri zuena. Ikasketak amaituta hona itzuli zen, nafar batekin ezkondu eta bere alaba bikiak jaio eta denbora gutxira euskara ikasteari ekin zion, orain dela hamabi bat urte. Egun, japoniera irakaslea da Iruñako Hizkuntza Eskola Ofizialean eta duela urtebete Maitasunezko oihua, munduaren erdian, Inma Errearekin batera itzulitako eleberria aurkeztu zuen Durangoko Azokan. Duela aste batzuk Argia astekariak elkarrizketa egin zion eta hona hemen elkarrizketa horretatik interesgarriak iruditu zaizkigun galdera-erantzun batzuk.

Zergatik aukeratu zenuen euskara ikastea?

Hemen. Nire senarrari asko gustatzen zaio euskara eta euskarazko kantak, eta horrek eragina izan zuen. Erabaki genuenean gure alabek euskaraz ikas zezaten, orduan, ama gisa, nik ere ikastea deliberatu nuen haiei laguntzeko. Iruñean bertan ikasi dut, ez dut ikastaro trinkorik egin ez eta barnetegirik edo halakorik ere. Normalean japoniarrek ez dugu erraztasun handirik beste hizkuntzak ikasteko. Gaztelania eta euskara agian errazago egiten zaizkigu bost bokal besterik ez dutelako, japonierak bezala, baina frantsesa edo ingelesa askoz zailagoak dira guretzat.

Zuen alabek zer harreman dute Japoniako kulturarekin?

Gure alabek japoniera ulertu bai baina hitz egiteko zailtasuna dute. Japoniara joaten garenean nola edo hala moldatzen dira. Nik japonieraz hitz egiten diet baina erantzuna gaztelaniaz edo euskaraz ematen didate ia beti. Bestalde, bi izen dituzte: lehenengo izena hemengoa eta bigarrena Japoniakoa. Hango izenak hemengoentzat oso zailak dira ahoskatzeko, euskaldunentzat ez horrenbeste, “ts” eta “tz” soinuak ongi desberdintzen dituztelako.

Zuretzat hasieran aldaketa handia izan zen hona etortzea?

Ni Barañaingo familia batekin bizi nintzen, eta anekdota moduan, gogoratzen dut oso kolpe handia izan zela niretzat ardien kakak kalean ikustea. “Ardiak ibiltzen dira hemen?” pentsatu nuen. Japonian ere badaude, baina ez kalean hemen bezala. Hasieratik hemengo ohituretara egokitzea erabaki nuen eta horregatik desberdintasunei ez nien garrantzi handirik ematen. Beti pentsatzen nuen ikasi behar nuela. Halere bizitzeko eta pentsatzeko modua bai dela desberdina.

Zenbat aldiz esan dizute ea txinatarra zaren?

Orain jada ez horrenbeste, baina hasieran, duela hamabost urte bai entzuten nuela kaletik: “Begira txinatar bat”. Duela zenbait urte Soriako herri txiki batean bazkaltzera joan ginen eta jatetxean jaunartze bat ari ziren ospatzen. Bazkaldu bitartean ume multzo bat nire inguruan nuen, niri serio demonio begira. Eta gainera beren lehengusu eta lehengusinak eta lagun guztiak deitu zituzten ni ikustera etortzeko. Lehenbiziko aldia omen zen Ekialdeko norbait ikusten zutena. Iruñean halakorik ez zen gertatzen, hemen atzerritar asko ibili delako aspaldidanik Nafarroako Unibertsitatean eta jendeak normaltzat hartzen du kanpotarrak ikustea.

Hemengo bizimodutik zer da gehien gustatzen zaizuna?

Mendebaldean, oro har, jendeak duen indarra. Fisikoa, mentala… Mota guztietakoa. Baikortasuna. Eta norberaren buruan duten konfiantza. Guk ez dugu halakorik.

Eta gutxien?

Hori ere bai! Erritmo berean ibili behar izateak neke handia sorrarazten dit. Ni ez naiz horren indartsua. Batzuetan esaten dut: mesedez, geldi hor ni iritsi arte! Hemengo jendeak gauzak pentsatu eta ekin, biak ia aldi berean egiten ditu, baina nik hori baino lehen nahiago dut dena ongi pentsatu. Ideiak garbi izan nahi ditut.

Elkarrizketa osorik irakurri nahi duenarentzat : http://www.argia.com/argia-astekaria/2303/keiko-suzuki

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*