HAUR TXIKIEN EUSKARA GARAPENA NEURTZEN

HAUR TXIKIEN EUSKARA GARAPENA NEURTZEN

Joan den abenduaren 16an, Haur euskaldunen komunikazio-garapena neurtzeko KGNZ tresna izenburuko hitzaldia eskaini zuten; Kontseiluak Donostian antolatu zituen jardunaldien arira (Haur hezkuntzaren garrantzia, euskararen jabekuntzan eta garapenean). Bertan izan zen Onintza Irureta, eta hitzaldiari buruzko datu interesgarri batzuk helarazten dizkigu argia aldizkarian.

Andoni Barreñak (Salamancako Unibertsitatea), Marijo Ezeizabarrenak (Euskal Herriko Unibertsitatea) eta Iñaki Garciak (Mondragon Unibertsitatea) Haur euskaldunen komunikazio-garapena neurtzeko KGNZ tresna izenburuko hitzaldia eskaini zuten. Abenduaren 16an izan zen, Kontseiluak Donostian antolatu zituen jardunaldietan (Haur hezkuntzaren garrantzia, euskararen jabekuntzan eta garapenean). KGNZ tresnaren aurkezpena hiruren artean egin bazuten ere, ikerketa taldeko partaide dira ondokoak: Nekane Arratibel eta Julia Barnes (Mondragon Unibertsitatea) eta Margareta Almgren (EHU).

Komunikazio Garapena Neurtzeko Zerrenda (KGNZ) Mac Arthur-Bates Communicatives Development Inventories (CDI) tresnan dago oinarrituta, eta euskarara egokituta. Haur txikien hizkuntza garapena ikertzeko azterlariek gurasoei eskatu zieten laguntza. Ikerlariek hiru galdetegi prestatu zituzten, 8-15 hilabeteko haurrentzakoa, 16-30 hilabetekoentzakoa eta 30-50 hilabete artekoentzakoa. Galdetegi bakoitzaren bidez jasotako erantzunekin ikerlariek hainbat elementuri buruzko informazioa lortu nahi zuten. Lehenengoan 493 galdera prestatu zituzten, haurrek zein hitz ulertzen eta esaten zituzten jakiteko, eta keinu bidezko komunikazioa nola garatzen zuten ikusteko. Bigarrengoan, hiztegiaren eta morfologiaren ekoizpena, esaldien luzera eta konplexutasun morfosintaktikoa aztertu zituzten. 745 galdera zituen galdetegiak. Hirugarren galdetegiaren bidez, bigarren galdetegiko gai berak ikertu zituzten, baita kontzeptu abstraktuak ere. 199 galdera prestatu zituzten ikerlariek. Gurasoek bete zituzten galdetegien ideia bat izateko pare bat adibide aipatuko ditugu. Esate baterako, 30 eta 50 hilabete bitarteko haurren gurasoek galdetegian 120 hitzeko zerrenda jaso zuten eta haien umeek horietako zein hitz esaten zituzten markatu behar zuten. Beste atal batean, umeak hitz amaierak esaten hasiak ziren markatu behar zuten gurasoek, hala nola, trene(an), tren(etik), trena(rena) eta abar.

Inguru euskaldunaren eragina

Jakina da haurren komunikazio garapenean makina bat aldagaik eragin dezaketela. Ikerketa honetan, haurren euskarazko komunikazioa nola garatzen den aztertu zuten eta hiru aldagai begiratu zituzten gorabeherarik eragiten zuten ikusteko: sexua, amaren hezkuntza maila eta euskararen maiztasuna inguruan. Azken aldagaiari erreparatuko diogu. Haurrak lau taldetan banatu zituzten: euskara-inputa %90etik gorakoa zutenena, alegia, ia testuinguru osoa euskalduna zuten haurren taldea; euskara-inputa %60-90 artekoa zutenena; inputa %40-60 artekoa zutenena eta inguruan euskara %10-40 artean zutenena. Bada, euskara inputak, portzentaje batean ala bestean izan, ez zuen eragin bi urte eta erdira arteko haurren komunikazio garapenean (ikusi datuak goiko taulan). Alabaina, adin horretatik aurrera, eta batik bat hiru urte eta erditik laura bitartean, haurren komunikazio garapenean aldeak nabaritu zituzten. Bi urte eta erdiko haurren artean, aldakortasuna –haurren arteko desberdintasunak euskaraz komunikatzeko gaitasunari dagokionez– %5ekoa izan zen. 3 urterekin aldakortasuna %20koa zen eta haurrak zenbat eta helduago portzentajea are handiagoa, %30era iritsi arte. Iñaki Garcia ikerketa taldeko kidearen ustez, datu azpimarragarria da, “ikusi besterik ez dago sexuaren aldagaia kontuan hartzen badugu aldakortasuna zenbatekoa den. Askotan hitz egin dugu ea komunikatzeko gaitasunean zenbateraino eragiten duen neska edo mutila izateak. Bada, ikerketa honetan aldakortasuna, asko jota, %3koa da. Euskara-inputa aldagai hartuta berriz, aldakortasuna %30era iristen da”. Ikerketak haurraren inguruan erabiltzen den hizkuntzak duen pisua azpimarratzen zuen, bai baitakigu umearen euskarazko komunikazio garapenean eragina duela. Horregatik, haurren inguruan euskara erabiltzearen garrantziaz jabetu beharra nabarmendu zigun Garciak.

Ikerketan, euskara-inputak nabarmen eragin duela ikusi dutenez, ea ume helduagoekin ikerketa bera egiteko asmorik duten galdetu genion: “Noski, emaitzek jakinmina pizten dute. Dena dela, ikerketa metodo bera ezingo genuke erabili, beste tresna bat atondu beharko genuke 4 urtetik aurrerako haurrei euskaraz bizi den ingurua edukitzeak ala ez, euskararen garapenean nola eragiten dien ikusteko”.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*