EUSKARA (BERRIZ) ETXEKOTZEA, GURASOEN ESKU

EUSKARA (BERRIZ) ETXEKOTZEA, GURASOEN ESKU

Paula Kasares, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle elkartua da, Euskal Filologia eta Gizarte eta Kultura Antropologia ikasketak egin ondoren, Soziolinguistika jorratzeari ekin zion. Lehengo hilabetean familia transmisioari buruzko testu bat idatzi zuen hainbat webgunetan argitaratu dutelarik. Gure esparrurako ere oso intersgarria iruditzen zaigunez, hona hemen Paularen artikulua.

“Hizkuntza gutxituen artean asko dira denborarekin erabilera esparruak eta hiztunak galdu eta horregatik beren jarraipena arriskuan izatera iritsi direnak. Etxean-familian-auzoan mintzatzeari utzitako hizkuntzek zail izaten dute arlo horietan berriz errotzea eta ondorioz, belaunaldi berriek ez dute mintzaira horietan normaltasunez sozializatzeko baldintza egokirik izaten.

Aldeko politikak eta baliabideak izanda ere, belaunez belauneko jarraipena etena duen hizkuntzari ez zaio erraza egiten berriz etxekotzea, esan nahi baita, familiako kideen arteko mintzaira usua bihurtzea. Munduko hizkuntzei buruzko txostenak dioenez, ikertutako mintzairen % 43k herritar orori eta normaltasunez transmititzeko arazoak dituzte, hau da, epe luzera ez dute iraupena bermaturik.

Euskara ere kinka horretan dago. Gure hizkuntzaren berreskurapenean oinarrituta hizkuntza gutxituak biziberritzeko zenbait gako ematen dituen Euskararen berreskuratzea. Hizkuntzak biziberritzeko gako batzuk izeneko lanak mintzairaren familia bidezko transmisioa sendotzearen garrantzia nabarmendu du, hau da, hizkuntza belaunaldien arteko zubi bihurtzea funtsezkoa da eta horretan gurasoen jokaerek berebiziko egitekoa dute: «Gurasoak eta haurrak biltzen dituen eremuan (familian) gauzatzen da belaunaldien arteko zubia eta gurasoen hizkuntza-jokaerak sakoneko ildo afektiboa ezartzen du seme-alaben hizkuntza-jokaeran».

Azken hiruzpalau hamarkadetan, euskararen gizarte berreskurapenaren aldeko eginahalek, ordea, ez dute hori beti hain garbi izan. Koldo Zuazo hizkuntzalariak honela dio Euskararen sendabelarrak liburuan: «1960ko Iraultza abian ipini zen sasoi hartan, sarri egin ohi zen honako iragarpen hau: Euskara eskolan eta telebistan sartzen denean, betiko salbatuta izango da. Joan dira urteak aurrera, sartu da euskara eskolan eta sartu da euskara telebistan, eta, ostera, ez dago inondik inora ere salbatuta. Orain ohartu gara eskola eta telebista behar-beharrezkoak izan arren, beste osagai batzuk ere badirela. Orain ohartu gara familia eta lagunartea, esate baterako, ezinbesteko ardatzak direla. Orain ohartu gara, hizkuntzaren “transmisioa”, belaunaldi batzuen eta besteen arteko hizkuntza lotura sendotzea eta estutzea, nahitaezkoa dugula. Bazen begiak zabaltzeko garaia!».

Euskara etxekotzeak duen garrantziaz jabeturik, azken urteotako lehentasunak gurasoengana zuzendu dira, neurri handi batean aita-amen esku baitago umeek txikitatik inguruko hizkuntzekin izanen duten harremana. Horregatik, gurasoei informazio egokia helaraztean eta haien sentiberatzean gauzatu dira hainbat saiakera eta ahalegin, hala erakunde publikoetatik nola gizarte ekimenetatik. Egun, Interneten aita-amentzako informazioa, aukerak eta baliabideak aise eskura daitezke. Adibidez, Gipuzkoako Buruntzaldeko udaletako euskara zerbitzuek hamarkada luzea daramate familiak euskalduntzeko jarduerak eta baliabideak eskaintzen gurasoak hizkuntzaren garrantziaz sentiberatzeko, umeak euskaldun hazteko aholkuak emateko edo beren artean erdaraz aritu ohi diren guraso euskaldunei poliki-poliki hizkuntza ohiturak aldatzen laguntzeko eta abar. Bizkaian ere, hainbat udalek euskararen familia bidezko transmisioari buruzko lekukotasunak, laguntzak eta tresnak jarri dituzte gurasoen esku. Egun, zorionez, ugari dira familiek euskara etxekotzeko jaso ditzaketen informazioa eta bitartekoak.

Baina ez dezagun pentsa euskara etxekotzeko eta belaunaldien arteko zubi bihurtzeko egitekoak guraso euskaldunei soilik dagozkienik. Gure errealitateak bestelako planteamendua eskatzen du. Izan ere, Euskal Herriko hainbat aita-amak euskara oso gutxi edo bat ere ez jakinda seme-alabak euskaldun hazteko erabakia hartu dute. Halakoetan, gurasoek ezin diete umeei euskara irakatsi baina haurrak elebidun bilakatzeko prozesuan funtsezko egitekoa dute hizkuntzari lotutako balio eta jarrerak transmititzen, haurra euskara ikasteko prozesuan motibatzen eta bihotz ematen. Hau da, etxean euskara irakasteko aukera izan ez duten gurasoek beren seme-alabei euskaraz jabetzeko prozesuan lagun diezaiekete eta haurrak euskaldun haz daitezen erabaki egokiak har ditzakete. Hori guraso guztion esku dago.”

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*