AGUR TXILLARDEGI

AGUR TXILLARDEGI

Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi, euskararen soziolinguistika aldarrikapenaren aitzindaria joan den larunbatean zendu zen 82 urte zituela.
Donostiako Antigua auzoan 1929. urtean jaioa zen Txillardegi. Izengoiti horrez gain Igara, Usako eta Larresoro ezizenak ere erabili zituen. Gurasoek euskaraz jakin arren, ez zioten irakatsi eta bere kabuz hasi zen ikasten 1948an.

Ur emari desberdinak izan zituen bere ekinbideak, baina itsaso bera xede. Euskal Herria izan zuen beti pentsamendu eta helburu. Bere pentsamenduari koherente izan zitzaion,
euskarazko herriaren alde egiteko. Euskararik gabe ez dagoela Euskal Herririk ulertzen lagundu zigun.


Euskera, Euzko Gogoa, Egan, Zutik, Jakin, Eusko Lurra-Tierra Vasca, Herria eta beste aldizkari askotan kolaboratzaile izan zen. Branka aldizkaria sortu zuen, eta Bat soziolinguistikako aldizkariko zuzendaria izan zen. Horretaz gain soziolinguistikaren aitzindaria izan zen. Euskara museoko hizkuntza izan beharrean modernoa eta noranahikoa bihur zedin ahalegin nekaezina egin zuen. Erakutsi zigun euskarak balio zuela bizitzaren edozein alorretan jarduteko, balio zuela eta balio hori eman behar geniola.

Euskararen normalizazioa izan du Txillardegik kezka nagusia eta, bere idatzi guztietan nabari zaio bere ardura hori. Soziolinguistika arloan lan egiten dugunontzat altxor ugari utzi dizkigu; esaterako: Hacia una Socio-Lingüística Matemática liburua, hizkuntzen egoera aztertzeko metodo matematikoa agertzen duelarik. Euskararen egoera diglosikoa azaldu zuen eta honen erabilera handitzeko hainbat bide markatu zituen:
Euskalduntze lana, elebidunen lehialtasuna eta anisotropía horien artean.
Azken honen arabera, Txillardegi berak aipatzen zuen bezala, euskararen erabilera ziurtatu daiteke bakarrik euskaldunak euskaldunekin komunikatzen badira, edo elebidunek euskara aukeratzen duten neurrian, euskararekiko atxikemendu berezia ematen denean. Hau da, erosketak, harremanak… ahal dutelarik euskaldun komunitatearen barruan egitea.

Den den, badirudi euskalduntze lana dela, gure egungo egoeran, errazen izan daitekeena eta, horregatik, proposamen moduan ematen duena. Beste moduan esanda, euskararen ezagutza zabaltzea dirudi modu errazena dela, gaur, euskara beraren erabilera indartzeko.


Sustraiak sendotu eta indartzen doa euskara Txillardegik lehen lerroak idatzi zituenetik, baina asko falta da amesten dugun zuhaitza kimutzen hasteko. Lan asko egin du Txillardegik zuhaitza sendotzeko, horregatik euskararen zuhaitzean beti izango du lekua. Emandako pausuak ez dira alferrik eta emateko dauden pausuetarako bidelagun izango dugu. Eskerrik asko eta agur Txillardegi.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*