ETA ORAINGOAN… FILM LABURREN LEHIAKETA!

ETA ORAINGOAN… FILM LABURREN LEHIAKETA!



Kontseiluak euskaraz bizi nahi dut dinamikaren barruan film laburren lehiaketa antolatu du. Martxoaren 18ra bitartean aukera du nahi duen orok euskaraz bizitzeko nahia gai hartuta film laburra egin eta lehiaketan parte hartzeko.

Euskaraz bizi nahi dut dinamika urriaren 28an aurkeztu zen Donostian eta 2010eko maiatzaren 15ean egindako manifestazioan du etorria. Dinamika honek jarraipena izatea nahi dute Kontseilukoek, euskararen normalizazio prozesuan urrats kualitatiboak eman nahi baldin baditugu, beharrezkoa baita eraldaketa soziala ematea eta eraldaketa sozial horretan guztiok dugu zer egina eta zer esana.

Dinamikak euskaraz bizi nahi duen jende guztiaren bilgune izan nahi du eta norberak nahi duen arloan eta nahi duen espresioa erabiliz egin ditzake ekarpenak Aurretik ere gauza asko egin da jada dinamika honen barruan; besteak beste, Esne Beltza taldeak abestia egin zuen, eta arrakasta handia lortzen ari da. Euskal Herria Zuzenean festibalak bat egin zuen euskaraz bizi nahi dut pentsamenduarekin eta festibalean txertatu zuen, Euskararen Nazioarteko Egunean Anoetako estadioan, zein Euskal selekzioaren partidan San Mamesen presente egon da mezua, estropadetan, herrietako festetan…

Lehiaketan parte hartzeko, gehienez 10 minutu izango dituen film laburra aurkeztu behar da. Gaia euskaraz bizitzeko nahia da.
Horretarako martxoaren 18a bitarteko epea egongo da lanak egiteko. Jarritako baldintzak betetzen dituzten lan guztiak ikusgai egongo dira www.euskarazbizinahidut.org webgunean, bertan aurkitu ahal izango direlarik lehiaketan parte hartzeko oinarriak ere.
Epaimahaiak bi lan sarituko ditu; lehenengo lanak 2.000 euro jasoko ditu eta bigarrenak berriz 1.000. Ekitaldi bat egingo da irabazleak iragartzeko eta bertan proiektatuko dira sei lanik onenak.

Honenbestez, euskaraz bizitzeko irrika erakutsi nahi baduzu, orain duzu aukera, bakoitzak bere modura erakutsi dezagun gure grina. 1,2,3…kamerak, ekin!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*