KOLOREAK

KOLOREAK

Kolorez inguratuta gaude. Koloreak goian behean. Koloreak alde guztietan. Ziur begiak pantailatik altxatu eta denbora gutxian kolore andana bereiz dezakezula. Zer arraio, pantailatik begirik altxa gabe ere bai. Urdina, gorria, grisa, berdea, zuria, morea, beltza, arrosa, horia, marroia deitzen diegu. Ilunak, beroak, biziak, argiak, tristeak, hautsiak, primarioak, gastatuak, alaiak, hotzak, bereziak iruditzen zaizkigu. Baina, zer dira koloreak?


Fisikari batentzat, agian, uhin-luzera jakineko uhin elektromagnetikoek begian sortzen duten sentsazioa izango da. Margolari batentzat bere margolana besteengandik bereizteko baliatuko duen ├▒abardura. Beiragile batentzat beiraren urtze puntua egokia dela ikusteko balioko dion adierazlea. Mediku batentzat pazienteari berri bat eman behar diola adieraziko dion seinalea. Mendizale batentzat bidegurutze ezezagunetan bide zuzena aukeratzen lagunduko dion arrastoa. Irakasle batentzat zuzenketak ikasleari helarazteko erakusgarria.
Balizko erantzun horiek guztiak desberdinak dira, baina ezaugarri bat dute komunean. Heldu batek emango lituzkeen erantzunak dira denak. Goian egindako galderari hitz bat gehituz gero, ordea, oso bestelako zentzua hartuko luke galderak. Zer dira koloreak haurrentzat?
Azterketa berriro egin behar duela jakinaraziko dion ezustekoa? Bidea gurutzatzeko unea iritsi dela esango dioen argia? Partxisean dabilenarentzat gainontzekoen erasotik salbu dagoela ziurtatuko dion laukitxoa? Hondartzan bainua hartzera doanarentzat olatu handiekin tentuz ibili behar duela jakiteko ikusiko duen bandera? Kirol talde bat osatzean bere taldekideak zeintzuk diren adieraziko dion elastikoa? Zer???

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*