AMA HIZKUNTZA, AMAREN HIZKUNTZA?

AMA HIZKUNTZA, AMAREN HIZKUNTZA?



Askotan esan ohi da pertsona batekin hizkuntza batean edo bestean hitz egiteko hautua, elkar ezagutzeko momentuan erabilitako hizkuntzaren arabera izaten dela. Gerta daiteke, ustez euskaraz ez dakien batekin gazteleraz hitz egiten hastea eta denbora dezentera konturatzea euskaraz bazekiela, baina ordurako gazteleraz hitz egitera ohituta daudenez, gazteleraz hitz egiten jarraitzea eta zaila egitea hizkuntza ohitura hori aldatzea. Hizkuntza ohiturak aldatzea baino, errazagoa dirudi, beraz, lehenengo komunikazio momentu horretan adi eta tentuz ibiltzea une hori erabakigarria izango baita aurrerantzean erabiliko den hizkuntza zein izango den jakiteko.

Bizitzan zehar ia etengabe pertsonak ezagutuz goaz, batzuk besteek baino gehiago, baina askotan ezagutzen dugu jende berria. Ama hizkuntza euskara duen eta euskaraz bizi den pertsona batek, euskaraz bizi den pertsona bat ezagutzen duen momentuan finkatzen saiatuko den hizkuntza euskara izango dela suposa dezaket. Ama hizkuntza gaztelera duenak, gerora euskara ikasi eta euskaraz bizi denak, berdina egingo duela pentsa dezaket baita ere; baina badago pertsona berri bat ezagutzen dugun momentu bakar bat aipatu ditudan uste hauek denak zalantzan jartzen dizkidana: ezagutu dugun pertsona berria semea edo alaba denean. Semea edo alaba amaren tripa barruan dagoen momentutik, sabela laztanduz eta hitz goxoz haurrari hitz egiten hasten gara gurasook. Ama hizkuntza euskara dugunok, hizketaldi horiek euskaraz egin ohi ditugula esatera ausartuko nintzateke; baina, nire zalantza hauxe da: gerora euskara ikasi baina ama hizkuntza euskara ez duten amek eta aitek, zein hizkuntzatan egiten dituzte hain hizketaldi intimoak?

Haurraren hasierako hilabeteetan finkatzen omen da lotura afektiboa. Bihotz-bihotzetik ateratzen zaizkigun hitz goxoek garrantzia handia dute lotura hori sortu eta finkatzeko prozesuan. Ama hizkuntza gaztelera duen ama bati, zaila ala erraza izango al zaio hainbesteko karga emozionala duten hitzak beste hizkuntza batean esatea? Eta, zaila egingo zaiola aurreikusiz, ez ote du honek familia bidezko hizkuntza transmisioa zailtzen?

Zer uste duzue zuek?

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*