BAPIRUKE UDALEKUAK: GETXOKO HAURRENTZAT AISIALDI EUSKALDUNA

BAPIRUKE UDALEKUAK: GETXOKO HAURRENTZAT AISIALDI EUSKALDUNA



Bizarra Lepoan elkartea 1995ean sortu zen Getxon, euskararen erabilera sustatzeko normalizazioari begira eta euskal kultura indartzeko. Hainbat egitasmo antolatzen dituzte urtean zehar eta horietako bat da Bapiruke udalekuena.

Lehengo astean, Topaguneak antolatutako “jolasa baino gehiago” jardunaldietan, udaleku hauetako antolakuntzako parte hartzaile baten solasaldia entzuteko aukera izan nuen. Solasaldi honetan atera ziren hainbat ideiak nahiko zurrumurru sortu zuen entzuleen artean. Niri ere kezka sortu zitzaidan eta hori partekatu nahi izan dut gaurkoan blog honetan.

Getxoko euskararen errealitatea kontutan hartuta, Bapiruke udalekuak hasiera batetan haur euskaldunentzat soilik jarri ziren martxan. Dena den, euskaraz ez zekien haur pila batek izena ematen zuela ohartu ziren eta neurri batzuen beharrean aurkitu ziren.

Honenbestez, udalekuetara etorriko ziren haurren hautaketa prozesu berezi bat jarri zuten martxan. Izen emate orrian, haurren ikastetxea nahiz eredua galdetzen hasi ziren.

Informazio hau eskura zutelarik, taldeak egiteko ordua zen: talde bakoitzean 9 hau euskalduneko, haur erdaldun bat hartzeko erabakia hartu zuten; honenbestez, udalekuan 50 haur direnez, 45 euskaldun eta 5 erdaldun.

Dena den, ez dituzte edozein erdaldun hartzen, baizik eta etorkin erdaldunak soilik, ez bertako A eredukoak. Honen arrazoia, etorkin hauek askotan hizkuntza aukeratzeko egokierarik ez dutela da, eta bertakoek berriz aukeratu dezaketela.

Bapiruke udalekuetako hautaketa sistema honek hainbat kontraesan sortu dizkit nire baitan: egia da Getxoko errealitatea ez dela Azpeitiakoa edo Elorriokoaren berdina eta honenbestez, ulertu dezaket, haur euskaldunek euskaraz aisialdia izan dezaten bermatu nahi badugu muturreko neurriak hartzearen beharra. Baina bestalde, ez al zaizue iruditzen neurri baztertzaile samarra? Eta nolakoa izango ote da haur euskaldunek, erdaldunarekiko duten jarrera?

Tartetxo honetan zuen iritziak jaso nahiko nituzke: Zer deritzozue neurri honi? Egokia iruditzen al zaizue? Uste duzue eraginkorra izan daitekela?

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*