INAUTERIAK FAMILIAN

INAUTERIAK FAMILIAN



Ate joka ditugu dagoenekoz inauteriak, urte osoan zehar hainbeste irrikaz itxoiten ditugun jaiak. Euskal Herriko txoko guztietan bezala, gure herrian, Azpeitian, hasi gara etxeko leihoetatik inauterien usaina antzematen. Igandean emango zaie hasiera, txikiteo elegante egunarekin eta astelehenean izaten dugu mozorro eguna. Gazteok normalean gauez gozatzen dugun arren, guraso andanaren plana izaten da goizeko haurren desfilea.

Duela hiru urte, Azpeitiko guraso kuadrila bat elkartu eta haurren desfilean parte hartzea erabaki zuten. Orduz geroztik, guztiak ere mozorro berdinarekin, urtero jarraitu diote ohiturari. Aurten ere, guraso eta seme-alabak elkarrekin aterako dira desfilean, oraingoan herria abordatuko dute pirataz jantzita.

Beraien iritziz, haurrekin ihauteriez gozatzeko plan ederra da, guztiak elkartu eta egun pasa polit bat egiteko aitzakia; goizean desfileaz gozatzen dute eta ondoren denak elkarrekin joaten dira bazkaltzera beraien elkartera.

Mozorroa sinplea izan dadin saiatzen dira, edozeinek lortzeko modukoa, eta bakoitza bere erara mozorrotzen da, ez berdin, helburu nagusia ondo pasatzea baita.

Kontuak kontu, kalera irten eta giro bikainaz gozatzeko aukera ematen die guztiei, ekimen honetan hasiera batean gaztetxoenei ilusioa pizteko asmoz hasi baziren ere, euretako askok haurrek baino askoz hobeto pasatzen dutela aitortzen dute.

Pentsatzen dut guraso askok egingo duzuela saiakera zuen haurrekin inauteriez blai ibiltzeko, txikienekin mozorrotu eta beste modu bateko parranda egiteko, egun batez pirata, pailazo, kalderero… haur bihurtuz.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*