NORABIDEARI BEGIRATU BATZUK

NORABIDEARI BEGIRATU BATZUK



Pasa den asteazkenean, hilak 15, Jon Sarasuaren hitzaldia izan zen Zumaian antolatu dituzten “euskara, bestela ez gara” hitzaldi zikloaren baitan.

Jon Sarasua Maritxalar (Aretxabaleta, 1966-) bertsolari eta soziologoa da. Bertsolaritzaren munduan oso gazte sartu zen. Hainbat Eskolarteko Txapelketa irabazi ondoren, Euskal Herriko Bertsolari txapelketako finalista ere izan zen 1986an.

2002. urterarte berriz Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko komunikazio arduraduna izan zen.

Gaur egun plazatik erretiraturik, Mondragon Unibertsitatean irakasle dabil, Huhezi fakultatean.

Asteazkenean eskaini zigun hitzaldian “Norabideari begiratu batzuk” izenburupean, azken bost hamarraldiotan bizi izan den Euskal hiztun komunitatearen berreskurapen partzial baten aroari buruz aritu zen. «Aro horri begiratuta ikasteko asko dago hortik eta hainbat ahalegin-ildok zentzu handia izaten segitzen du. Bestetik, ordea, desafio zahar eta berri lodi xamarraren aurrean aurkitzen da hiztun komunitatea».



Desafio hauen artean, gaur egungo haur eta gazteek, erdaraz duten eskaintza zabal eta kalitatezkoaren aurrean euskarak zein leku betetzen duen da kezka garrantzitsu bat.

Gauza jakina da, gaur egungo haur eta gazteek euskara hautatu egin beharko dutela erdararen aurrean, eta hautaketa hori egiteko arrazoiak, motibazioa eta borondatea eduki behar dituzte. Eta motibazio hori ondoren elikatu edo deselikatu egiten da.

Euskara elkarteon lana motibazio horren transmisioa eman dadin etorkizuneko motibazio estrategiak lantzearena da. Baina zein elementutan eragin dezakegu? Zergatik hautatuko dute gure seme-alabek euskaraz bizitzea? Lan honetarako gako batzuk eman zizkigun Sarasuak, bost motibazio maila azalduz:

Fluixu motibazioa: Sen kultural unibertsala izango litzatekena, hau da, guk jaso duguna ondorengoei transmititzeko gogoa.

Motibazio pragmatikoa: Hizkuntza funtzionala izatea, hau da, haur edo gazte horri zerbaitetarako balio diona.

Balio erantsiaren motibazioa: Zer ematen dit euskarak beste hizkuntzen ematen ez didatena? Zer biziarazten dit? Galdera oso garrantzitsuak dira hauek, erantzuna norberak bilatu beharrekoa. Adibide gisara bertso eskolak ditugu, euskara bizitzeko nahi hori hedatzen dutelako, beste hizkuntzek ematen ez diguten zerbait eskainiz.

Paradigmaren motibazioa: Euskararekin oso erlazionaturik doa bestelako mundu bat amestearena, hau da, gizarte hobe baten desioa. Hemen sartuko lirateke hizkuntza gutxituekin dugun sentsibilizazioa, hizkuntza ekologia…

Mintzoaren ahalmena: Faktore transbertsal moduan definitzen du. Hizkuntzak ondo funtzionatu behar du pertsonaren baitan. Balio estetikoa da. Egun, gazteei sarri ez die erdarek haina balio nahi dutena adierazteko, espresibitatea falta da.

Gaur egun, hezkuntzak ikasleei ez dizkie ematen euskal hizkun izateko behar dituzten baliabideak, eta gure zeregina horretan egongo da, etorkizuneko gizartea formatzen euskal hizkun arduratsu batzuk izan daitezen. Lan handia dugu egiteko, baina ilusioa, indarra eta borondatearekin lortuko dugu!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*