EUSKAL HERRIAN BADA ZER ENTZUN

EUSKAL HERRIAN BADA ZER ENTZUN

Arrosa Irrati Sareak Datorren otsailaren 25erako jardunaldi batzuk antolatu ditu Bergarako Gaztetxean. Bertan Sareak dituen hamar urteetan pilatutako esperientziak eta jakintzak elkartrukatzeko aukera izango delarik.



Arrosa Sarea duela ia hamar urte sortu zen. Euskal Herriko hainbat irrati txikiren arteko elkarlana, edo gaur egun hainbeste entzuten dugun auzolana, oinarri hartuta, sarea eraiki zuten, eta 2002ko maiatzetik gaur artekoak lanean eman dituzte. Sarearen funtzio nagusia euskarazko irratsaioak elkartrukatzea izan da, orain artean. Hori dela medio, Donibane Garazin ekoitzitako musika irratsaio batek entzuleak ditu Iruñeko kaleetan, edo hasi berritan dabilen irrati batek programazio duin askoa egin dezake Gasteizen edo Urretxun egindako saioak erabilita.

Hala ere, sareko kideak beroni etekin handiagoa atera nahian, elkarlanean beste hainbat gauza egiteko ideia sortu zen. Irrati txikiak, gehienak ez-profesionalak eta gazteek sortuak, eguneroko lanean agertu zaizkien beharrei erantzuteko tresna propioak sortu behar izan dituzte. Horretara datoz jardunaldi hauek, hain zuzen ere: tresna hauek elkartrukatzera, bakoitzaren ezagutza besteekin konpartitzera. Hamar tailerretan hamar gairen inguruan lanean aritzeko aukera izango da. Oinarrizkoenetik, teknikoenera. Beti ere, kontu praktikoak. Honekin, hasi berri diren, edo hastear dauden, herri- edo auzo-irratientzat oso baliagarriak izan daitezken jardunaldiak izango dira.

Jardunaldiei amaiera emateko, nola ez, Euskal Herrian ezin da bestela eta, gauerako kontzertu pare bat ere antolatu dituzte.Hau guztia Bergarako Gaztetxean izango da otsailaren 25ean, larunbata, goizeko 10:00etan hasita. Animatu!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*