MARTXOAK 8, ZORIONTZEKO EGUNA?

MARTXOAK 8, ZORIONTZEKO EGUNA?



Egun berezi asko izaten dira urtean zehar, zorionak eman edo zorionduak izateko arrazoitzat hartzen ditugunak. Langilearen eguna, amaren edo aitaren eguna, lanbide jakin baten eguna eta beste ezin konta ahal egun. Gaur, martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna dugu, gure inguruan ditugun emakumeak zoriontzeko eguna, hain zuzen. Zorionak, beraz, emakume guztioi! Irribarreak, esker oneko hitzak, laudorioak eta antzeko beste hainbat seinale pozgarri ikusteko eguna izaten dela esango nuke. Komunikabideetako bai gaurko eta baita azken egunetako berriek, ordea, seinale horiek irudipenetik errealitatetik baino gertuago daudela erakusten digute. Soldata desberdintasun nabarmenak, indarkeria, bereizkeria eta betiko kontu tamalgarriak dira berri horien ardatz. Denok jada behin baino gehiagotan entzundakoa.

Baina bada askotan oharkabean pasatzen den beste diskriminazio arma bat. Arma hori ez zaigu nomina, ubeldura, mehatxu, beto edo txiste formatuan aurkezten. Hizkuntzari buruz ari naiz. Eta ez erdarei buruz, euskarari buruz baizik. Beti pentsatu izan dugu euskara hizkuntza neutroa dela, ez duelako generoa bereizteko gramatikaren alderdi zehatzik. Baina hizkuntzak baditu beste hainbat esparru, semantika eta pragmatika, besteak beste. Zer gertatzen da gizarte, anaitasun, alkatesa hitzekin, esaterako? Eta hitanoaren erabileran bai neskei edo bai talde misto bati zuzentzean toka forma hautatzean? Iturgina edo peritua datorrela jakin eta atea irekitzean emakumea dela ikusteak harritzen gaituenean?

Baliteke aurreko galdera horien erantzunetan tradizioa eta historia hitz gakoak izatea, edo behinik behin, burura etorri zaizkigun lehenetariko hitzak izatea. Hizkuntzaz kanpoko ohiturak, pentsamolde eta sineskeriak aldatzen joan diren bezala, zergatik ez hizkuntza ere pixkanaka aldatu?

(Gaiari buruz informazio gehiago: http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1078235452/#8 )

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*