UDALTOP UDALETAKO EUSKARA ZERBITZUEN IV. TOPAKETAK DATORREN ASTEAN IZANGO DIRA

UDALTOP UDALETAKO EUSKARA ZERBITZUEN IV. TOPAKETAK DATORREN ASTEAN IZANGO DIRA

Otsailean aurkeztu ziren 2012ko Udaltop Topaketak, Udaletako Euskara Zerbitzuen teknikarien arteko topaketak. Aurtengo jardunaldiak martxoaren 22 eta 23an izango dira Lasarte-Orian eta ondorengo gaia landuko da: “Nolakoa da gure (udalaren) hizkuntza-politika? Begiratu, mesedez, euskara sailetik kanpo”. Topaketan izena emateko epea, otsailaren 16az geroztik zabalik dago eta horretarako aukera izango da datorren ostiralerarte. Izen-ematea, urtero bezala, webgunean egin beharko da.

Otsailaren erdialdean izan zen jardunaldi hauen aurkezpena eta prentsaurrekoan Patxi Martinez de Marigorta Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendari nagusia, Boris Nogales Lasarte-Oriako Udaleko euskara batzordeko lehendakaria, Andoni Busquet Eudeleko ordezkaria eta Basauriko alkatea, eta Imanol Miner Kutxabank-eko ordezkaria izan ziren.

Aurkezpen ekitaldian, besteak beste, aurtengo egitaraua aurkeztu eta bertan izango diren hizlarien berri eman zen. Nabarmentzekoa da iaz bezala, aurten ere Euskal Herriko hizlariez gain, kanpokoak ere izango direla, hala nola, Bernat Joan i Mari. Honek, “Autocentramiento y política lingüística: normalizacion y actitudes” izeneko ponentzia aurkeztuko du. Bestalde, Hernaniko alkateak, Pasaiako alkateak eta Berriozarko alkateak, besteak beste, euren udaletako esperientzien berri emango dute.

Aurtengo topaketetan, iaz bezala, azoka eta erakusketa izango dira. Biak ere Manuel Lekuona Kultur Etxean izango dira. Erakusketan, hainbat udalek euren esperientzien berri emango dute. Gainerako euskara zerbitzuentzat interesgarriak izan daitezkeen egitasmoak azalduko dituzte. Azokan, berriz, bost enpresa, elkarte eta erakundek beren zerbitzuen berri emango dute. Udaletako euskara zerbitzuentzat interesgarriak izan daitezkeen zerbitzuak eskaintzen dituzte enpresa edo elkarte horiek.

Egitarau guztia eta informazio gehiago Udaltopeko webgunean izango duzu eskuragarri.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*