HEZI, EDUCAR, EDUCERE

HEZI, EDUCAR, EDUCERE



Jolas bat proposatzen dizuet: ondorengo bi zutabe hauetan, alde batetik lanbideak ditugu eta bestetik erremintak. Lanbide bakoitzari bere erreminta topatu behar zaio. 1, 2, 3 denbora!

Arotza Telefonoa

Nekazaria Aisialdiko hezitzailea

Idazkaria Fonendoskopioa

Aisialdiko hezitzailea Aitzurra

Medikua Giltza ingelesa

Mekanikaria Zerra

Nahasi egin naizela pentsatuko duzue, eta erreminten zutabean lanbide bat jarri dudala, baina, ez, ez da horrela, aisialdiko hezitzailearen erreminta aisialdiko heitzailea bera dela pentsatzen baitut. Aisialdiko heziketan dihardugunontzat eredua dugu baliabidea, koherentzia lanabesa. Transmititu nahi ditugun balore eta jarrerak gugan egia izanik soilik iritsiko dira kasuan kasu parean dugun pertsonarengana.

Eta ogibide guztietan bezala, erreminta egoera ezinhobean edukitzea komeni, erabilera bakoitzaren aurretik eta ondoren doitzea. Medikuak fonendoa, arotzak zerra eta mekanikariak giltza ingelesa berrikusten duen bezala, aisialdiko hezitzaileak bere jarrera eta ohituren etengabeko hausnarketa burutu behar du. Gure eguneroko lanean transmititu nahi ditugun zenbait balore, elikadura eta higiene ohiturak, ingurumenarekiko errespetua, hizkuntza jokabideak, erlazionatzeko moduak… etengabe berraztertu behar ditugu gure parean ditugunok gugandik eta gurekin ikas dezaten.

Ezin diogu haur talde bati baxuago hitz egiteko eskatu guk eskaerak garraxika egiten baditugu; ezin diogu gaztetxo bati bere gauzak zaindu eta ingurunea txukun mantentzeko eskatu gu geu ez bagara gure gauzen ardura hartzeko gai. Ezin dugu arauak betetzeko eskatu guk geuk ez baditugu betetzen eta ezin dugu errespetua eskatu guk geuk ez baditugu ingurukoak errespetuz tratatzen.

Hezi, gazteleraz educar, latineko educere-tik dator: “barruan duguna atera, gure baliabide propioak erabiltzen ikasi”. Aisialdiko hezitzailearen funtzioa prozesu horretan ondoan egon eta gure izate hutsarekin BIDELAGUN izatea da.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*