EUSKARAZ BIZI EGUNA

EUSKARAZ BIZI EGUNA



Ate joka dugu dagoenekoz Donostian ospatuko den Euskaraz Bizi Eguna. Bihar, martxoak 17 izango da hain zuzen, lehen bi ekitaldiren ostean (Etxarri Aranazen eta Gernika-Lumon) aurrenekoz hiriburu batean egingo den festa handia.

Euskaraz Bizi Eguna baino lehen, Hizkuntz Eskubideen Eguna antolatzen zuen EHEk. 2004tik 2009ra arte iraun zuen horrek. Orain hiru urtetik hona, ordea, Euskaraz Bizi Eguna antolatzen du talde euskaltzaleak. Zer dela-eta aldaketa hori? EHEren azken xedea herri euskalduna berreraikitzea da, eta horretarako euskaldunoi dagozkigun eskubideak aldarrikatzetik harago, euskaraz bizitzeko bidea egin behar dugu. Horixe Hizkuntz Eskubideen Egunetik Euskaraz Bizi Egunera jauzi egin izanaren arrazoia.

Jaia eta aldarrikapena uztartuko ditu Donostiako ekitaldiak. Bulebarretik Euskalduna naiz eta harro nago! lelopean hasiko den manifestazioa izango da eguneko ekitaldi nagusia. Baina, horrez gain, goizetik gauerako egitarau oparoa osatu du EHEk. Donostiako Parte Zaharrean, kale animazioa, haurrentzako ikuskizunak, herri-bazkaria, kontzertuak, eta abar izango dira.

Euskaraz gozatzeko aparteko eguna izango da biharkoa. Dena den, ez dugu nahikoa urtean egun bakarrarekin, egunero bizi behar dugu euskaraz eta baita euskaraz bizitzeko nahia eta eskubidea aldarrikatu ere. Izan dadila egun hau indarrak elkartzeko eta EUSKARAZ BIZI NAHI DUGULA ozen ohiukatzeko egun bat, horrek kemena emango baitigu gure egunerokoan, kalean, lanean, lagunartean… gure nahia egi bihur dadin borrokatzeko. Euskaraz bizi eta zoriontsuak izan!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*