MARURIK

MARURIK



Kontatuko dizuedan istoriotxo hau, Lesakan gertatu zen, aste honetan bertan. Barazki-denda batean bizitutako pasartea konpartitu nahi dut zuekin. Ea zer iruditzen zaizuen!

Erosketak egiten ari nintzela, barazki-dendan, 10 urte inguruko bi muttiko sartu ziren. Dendariak, gaztetxoak ikusi eta bezero bati hasi zitzaion:

Mira, ese chico, el alto, es el de las fresas. Viene una o dos veces por semana y compra unas fresas para merendar. ¡Qué curioso, oye!

Gazteari zuzendu zitzaion jarraian dendaria:

Atsaldeon! Ze, gaur ere, marurik erostera?

Bai, biñon gaur eros bar ttut geigo, eros bar dut kaja osua, lagunentzako. Gero bertzela, gabe geltzen naiz.. jajaja!

Aizu, ta amak badaki maruritan gastatzen tzula dirua? Ongi iruittuko zaio?

Amak eztaki, biñon da nere dirua, ta nahi dudan gauztan gastatzia uzten dia amak.

Bueno, bueno, hala bada…

Bitxia benetan. Askari osasuntsua aukeratu du muttikoak, baita lagun artean elkarbanatzeko aukera baliatu ere, eta dendaria harritu egiten da. Are gehiago, amaren baimena ote duen galdetzen dio.

Arratsaldero, herriko plazan haur andana biltzen da, eta Euskal Herriko beste herri askotan bezalatsu, litxarkeriak jaten igarotzen dituzte arratsaldeak. Haien dirua ere bada, haur hauena, haien aburuz, baina inork ez die galdetzen gurasoen baimena ote duten pringles pote bat erosterakoan, edo gominola poltsa erraldoi batean dirua gastatzerakoan.

Hori baita “normala” gure gizartean. Haurrek, litxarkeriak jatea. “ Arraroa” edo “berezia” dena, marrubiak jatea da, eta haur bat barazki-dendan sartzen ikustea.

Baina… zer da normala? Normala zuzena da? Egokia da? Osasuntsua da? Zein mezu transmititzen diegu gure haur eta gaztetxoei?

Izarok aurrekoan idatzitako haritik segika, ez dugu ahaztu behar, eredu garela gu ere. Hezitzaileak eta gurasoak, noski, gehien bat, baina baita gizarte osoa ere.

Haur eta gaztetxoen hamaiketako eta askariak kritikatzen ibiltzen gara maiz, hezitzaileok, eta guk, zer jaten dugu hamaiketakoetan? Osasuntsua al da gure eguneroko dieta? Begira diezaiogun gure zilborrari, ondokoen dietak zalantzan jartzen hasi aurretik!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*