ELEANITZAK ELEBAKARRAK BAINO ARGIAGOAK DIRA

ELEANITZAK ELEBAKARRAK BAINO ARGIAGOAK DIRA

Euskal Herri elebidun honetan sarri aipatu izan dira eleaniztasunak dituen abantailak, era guztietakoak. The New York Times egunkaria haratago ere joan da: hizkuntza bat baino gehiago hitz egiteak argiago bilakatzen gaitu.

Hiztunaren burmuina eraldatzeko gaitasuna dauka, gaitasun kognitiboak handitzen ditu, eta zahartzaroko dementzia-arriskua gutxitzen laguntzen du. Ideia eta gai horien inguruko artikulua argitaratu du joan den astean egunkari estatubatuarrak bere igandeko gehigarrian: Why Bilinguals Are Smarter.

Argi dago elebitasunaren inguruko usteak asko aldatu direla azken 100 urteotan, XX. mende hasieran traba eta oztopo gisa ikusten baitzen hizkuntza bat baino gehiago ezagutu eta hitz egitea. Ikerlari eta hezitzaileek uste zuten haurren hezkuntzan arazoak eta interferentziak sortzen zituela ele bat baino gehiago mintzatzeak.

Gaur egungo ikerlariak ere bat datoz interferentzia horien inguruan. Izan ere, hainbat ikerketak erakutsi digute elebidunen burmuinak elebidun izaten jarraitzen duela, baita elebakartasun egoeretan ere. Baina interferentzia hori, desabantaila baino, abantaila gisa ikusten dute azken azterlanek. Burmuinak “barne-borroka” horiek kudeatzen eta gainditzen ikasi behar duenez, “indartu” egiten da eta handitu egiten da bere gaitasun kognitiboa. Eleaniztasuna, azken batean, gimnasia moduko ariketa da giza garunarentzat eta bere gaitasuna indartu egiten du.

Hizkuntzarekin lotutakoak ez ezik, baita egoerak planifikatzeko, arazoak gainditzeko edo kontzentrazioa areagotzekoak ere. Adibidez, distrazioak gaindituz benetan garrantzitsua den horretan adi izateko, bi ataza batera egiteko edota informazioa burmuinean luzaroago gordetzeko lagungarri da.
Eragina, gainera, bizitza osoan zehar gertatzen da, haurtzarotik heriotzeraino. Bigarren hizkuntza nagusitan ikasi dutenengan ere eragina izan dezakeela dirudi, gainera. Azken urteotan Alzheimerrarekin eta beste dementzia kasu batzuekin egindako ikerketek diote elebitasunak gaixotasunaren larritasuna jaitsi dezakeela eta dementziaren agerpena atzeratu dezakeela.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*