ALDAKETAK

ALDAKETAK



Udaberriko ekinokzioa martxoaren 20an izan zen, eta harekin batera, goizean goiz, iritsi zitzaigun udaberria. Egun batzuk beranduago, 25eko goizaldean, ordu aldaketak jo zuen gure atea, eta irekitzean ordu biak espero bagenituen ere, hirurak aurkitu genituen. Orduz geroztik, edo lehenengo pare bat egunetan bederen, hor ibili gara inguruetako erloju guztiei begira: autoan, iratzargailuan, mikrouhin-labean, eskuturrekoan, mugikorrean, ordenagailuan, sukaldeko paretan, etxe azpiko tabernan, herriko kanpandorrean, autobus geltokian, erloju-termometro-egutegi diren kaleko zutoinetan… edonon daude aldaketa jasan duten tramankuluak.

Giza gorputza ere tramankulua bide da, inoiz existitu den tramankulurik perfektuenetarikoa hainbaten ahotan. Gauzak horrela, gu geu garen tramankulu honi ere eragingo ote dio ordu aldaketak?

Badirudi baietz, egunerokotasuna ordubete lehenago burutzeak gugan eragina duela, eguzkiaren argiaz gozatzeko ordu bat gehiago eskaintzen baitigu aurreratze horrek. Hain justu, horixe da “udako ordutegia” eta “neguko ordutegia” desberdintzearen arrazoia, eguzkiak ematen digun argia gehiago aprobetxatu eta argiztapen artifizialean energia gutxiago gastatzea. Dena dela, aldaketa horren eraginkortasunik eza aldarrikatzen dutenak gero eta gehiago dira eta energia aurrezteko neurri gisa ezarri zenak loaren nahasmendua, jateko gogoaren aldaketa, estresa, nekea, urduritasuna etab. eragin diezazkiguke, kasurik txarrenean. Antza denez, gainera, ondorioak haurrengan nabariagoak dira. Egia da, era berean, aldaketara egokitzeko behar dugun denbora 72 ordukoa dela gehienez, gutxiago txikienen kasuan. Behin denbora hori igarotakoan, gorputza ohitua izango da jada ordutegi berrian bizitzera eta izan ditzakeen onurei erreparatzeko aukera izango dugu, eskolatik edo lanetik irten eta arratsalde luzeagoei probetxua ateratzeko aukera eta argiztapenik gabeko guneetan ibiltzeko abagunea, besteak beste. Azken batean, denborari dagokionez behinik behin, aisialdiaz gehiago gozatzeko parada.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*