ZER MODUZ ATERA ZAIT?

ZER MODUZ ATERA ZAIT?



Zugarramurdin ikasturte osoan zehar egiten ditugun sorginen egonaldietan Euskal Herriko txoko desberdinetako haurrak izaten ditugu astero astero. Normalean bi edo hiru egun pasatzera etortzen dira ilusioz beteriko haurrak sorginen munduan murgiltzeko grinaz.

Egonaldi hauetan zehar hainbat ekintza desberdinen artean tailerrak ere egiten ditugu, horietako bat eguzkilorea. Ikasgela bakoitzerako eguzkilore bat egiten dute ikasle guztien artean, bakoitzak osto desberdin bat margotzen duelarik eta ondoren osto guztiak elkartuz osatzen dute landarea.

Baina ez natorkizue gaurkoan eguzkiloeari buruz hitz egitera, azken aldian nire arreta piztu duen jarrera batez baizik.

Eskulana nola egingo genuen azaldu eta materiala banatzen hastean haur bat gerturatu zitzaidan lehengoan, eta esan zidan:

– Eta gaizki egiten badut?

– Zergatik egingo duz ubada gaizki? – erantzun nion.

– Beti gaizki egiten dudalako.

Ondo asumituta zeukan haurrak bere etiketa. Nola egingo du ba ondo? Beti dena narratsa eta zatarra egiten duela esaten badiote, eta noski, berak hori ondo sinetsita edukitzea du hoberen, desilusiorik ez hartzeko.

Askotan iruditzen zait, haurrek egin dutenaren emaitza hori beste batek onartzearen beharra sentitzen dutela. Baina ondoren neure buruari begira hasi naiz. Eguzkilorea estaltzen duen kartulina margotu eta moztu dut eta galdetu diot nire lankideari:

– Zer moduz atera zait?

Uste dut heziak izan garen eredu honek, non emaitza baloratzen den prozesua guztiz gutxietsiz, gure emaitzak balioetsiak izateko beharra izatera bultzatzen gaituela. Baina noiz arte jarraitu behar dugu horrela? Behingoz gure haurrek gozatu dezatela sortzen ari diren bitartean ikasiz eta beraien emaitza baloratuko duen marizorrotzik gabe!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*